Pilota

Bakaikoak eta Salaberriak jokatuko dute Promozioko finala

Guaixe 2023ko mai. 22a, 12:50

Altsasun jokatutako finalerdietan erabaki ziren bi finalistak

Maiatzaren 19an, ostirala, Promozioko Buruz Buruko finalerdiak jokatu ziren Altsasuko Burunda pilotalekuan. Bi finalerdiak estuak eta lehiatuak izan ziren. Jaialdia zabaltzen zuen partidan, Zubizarreta III.ak eta Ugartemendiak 22 eta 7 hartu zituzten mendean Victor eta Aaron Arbizu. 

Lehendabiziko finalerdian Joanes Bakaikoa etxarriarrak Asier Agirre iruindarra izan zuen aurkari. 54 minutu iraun zuen partidan 253 pilotakada gurutzatu ziren, eta lehen zatian Bakaikoak errenta ederra lortu zuen, 10 eta 20 aurreratu baitzen. Agirreren erantzuna berandu etorri zen, eta ezin izan zion partidari buelta eman. Bakoitzak hamahiruna tanto egin zituen, baina aldea akatsetan egon zen: Agirrek 9 tanto galdu zituen eta Bakaikoak, aldiz 4. Joanes Bakaikoak partida osoa eta serioa eginda lortu zuen finalerako txartela. Sakez 6 tanto egin zituen. 

Beste finalerdian Iker Salaberriak eta Julen Egigurenek ere lehia gogorra izan zuten. Salaberria finago ibili zen, eta 22 eta 15 irabazita, Promozioko Buruz Buruko finala jokatuko du Joanes Bakaikoaren kontra. 

Joanes Bakaikoak 2018ko Promozioko Buruz Buruko txapelketa irabazi zuen eta, horretaz gain, Lau eta Erdiko Promozioko bi txapel ditu. Salaberria 2022ko Promozioko Buruz Buruko txapeldunordea izan zen, eta joan zen urteko arantza kendu nahi du. Horretaz gain, 2022ko Promozioko Lau eta Erdiko txapelduna izan zen. Beraz, final estua espero da larunbatean Labriten.