Guaixek hauteskunde gaueko emaitzak zuzenean emanen ditu

Guaixe 2023ko mai. 26a, 09:01

Herritarra botoa ematen. ARTXIBOA

Webgunea datu iturri ofizialekin zuzenean konektatuko da, datuak automatikoki ekartzeko zenbaketa aurrera doan neurrian. Guaixe kide den TOKIKOM sarean dauden euskarazko tokiko hedabideen elkarlanaren fruitu da.

Igandekoa hauteskunde gaua da. Nafarroako Parlamentua, ibarreko hamalau udal eta hamalau kontzeju berritzeko botoa emanen dute sakandarrek. Hauteskunde mahaiak 20:00etan itxi ondoren hasiko dute boto zenbaketa. TOKIKOM sarea osatzen dugun euskarazko toki komunikabideek aurrekaririk gabeko ahalegina egingo dugu hauteskundeen emaitzak zuzenean emateko. Lan horren ondorioz, guaixe.eus webguneak igande gauean uneoro eguneratuko ditu datuak iturri ofizialen informazioarekin.

2020ko Legebiltzarreko Hauteskundeetan proba pilotu arrakastatsua egin ondoren, igandean, lehen aldiz, TOKIKOM sarearen plataformako 26 webguneak zuzenean konektatuko dira datu iturri ofizialekin, datuak automatikoki ekartzeko zenbaketa aurrera doan neurrian. Eta, esan bezala, webguneak uneoro eguneratuko ditugu iturri ofizialen informazioarekin.

Bost iturri
TOKIKOM Plataformaren garapen teknikoa daraman CodeSyntax enpresan lau langile dabiltza azken asteotan sistema guztia prestatzen. Erronkarik handiena datu iturrien aniztasuna da: Udal Hauteskundeetako datuak Espainiako Barne Ministerioak eman behar ditu, eta Foru Hauteskundeetakoak berriz, Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak. Bost datu iturri dira, bakoitza bere irizpide eta ezaugarri propioekin, eta horrek lan asko ematen du informazioa bateratzeko orduan.

Automatikoki iritsiko den informazio hori, gainera, egoki uztartu behar da tokian tokiko kazetariek unean eskuratu dezaketenarekin, gehi igarotako hauteskundeetakoekin, konparazio historikoak eta abarrak egin ahal izateko. Eta bukatzeko, datu guztiak modu atsegin eta ulergarrian erakutsi behar dira, webgunerako, papererako eta telebistetarako.

Hau dena posible da TOKIKOM osatzen dugun komunikabideok gure egitura teknikoa batera eta elkarlanean garatzeko martxan ditugun foro eta lan-taldeei esker. Garapen tekniko konplexuak dira, eta toki komunikabideondako eskuraezinak lirateke gutako bakoitzak bere aldetik egiten saiatuz gero. Ez da erronka erraza, baina ahaleginak merezi du, herriz herriko egunerokoan hainbesteko eragina duten Hauteskundeen informazioa modu arduratsu eta profesionalean eman ahal izateko.

150 langiletik gora lanean
Euskarazko tokiko komunikabideok asteak daramatzagu herriz herriko egunerokoan eragin berezia duten hauteskundeen jarraipena egiten. Erredakzioetan ahalegin eskergak egiten ari gara egunotan. Igandeari begira, azken egunotako ahalegin hori biderkatu egingo da. TOKIKOM sareko komunikabide guztiak kontuan hartuta, 150 langiletik gora ariko gara lanean igandean, herriz herri eta auzoz auzo, hauteskundeetako emaitzen informazioa ahalik eta zehatzen emateko.