Konektibitateari lotutako arrakala digitala murrizteko, Nafarroako Gobernuak kolektibo zaurgarriei bideratutako dirulaguntza deialdia egin du, haren bidez Bonu Digitalak eskuratzeko. Deialdiaren helburua da etxean zuntz optikorik ez duten pertsonei banda zabaleko linea berri baten kontratazioa finantzatzea. Foru administrazioak 240 euroko dirulaguntza emanen die. Hala, hileroko faktura 20 euro merkatuko zaie. Gobernutik jakinarazi dutenez, familia unitate edo helbide bakoitzean Bonu Digital bakarra eskatu daiteke. Bestetik, zerbitzua gobernuaren programarekin bat egin duten Euskaltel edo O2 operadoreekin kontratatu beharko da.
Laguntza jasotzeko zenbait betebehar daude. Alde batetik, errenta jakin bat izatea: eskatzaile bakarra bada 12.720 euro baino gutxiago izatea, biren kasuan 15.792 euro, hiru badira 17.988 euro, lauko familia unitateak errenta 19.308 baino gutxiago izatea, bostekoan 20.628 euro eta sei edo gehiagoren kasuan 21.504koa. Eskatzaileen helbide fiskalak Nafarroan egon behar du. Gainera, eskatzaileek honako irizpideetako bat bete beharko dute: ikasle bat izatea edo hurrengo ikasturtean izatea, Nafarroa Abentura Digitala kanpainako ikastaroaren ziurtagiria izatea, zaurgarriak diren emakumezkoen taldekoa izatea, 65 urtetik gora izatea edo familia ugari bateko kidea izatea.
Eskaera egiteko www.bonodigital.navarra.es webgunea edo herritarren arretarako edozein bulegora jo daiteke. Irailaren 1era arte eska daiteke, edo izakinak bukatu aurretik. Informazioa nahi duenak Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuko Konfiantzaren eta Eten Digitala Ataleko 848 425 561 telefono zenbakira hots egin dezake.