Hauteskundeetan aukeratu beharreko hautetsi kopurua zehazterako garaian aurreko urte hasierako biztanleria kontuan izaten da. Ekaik 37 biztanle zituen. Hauteskunde araudiari segituz, 50 biztanle baino gutxiagoko herriek kontzeju irekia osatzen dute. Hau da, kontzeju irekiko presidentea aukeratu zuten igandean, horregatik, boto paperean izen bakarra agertuko da. Ekairen kasuan Patxi Uharte Garrorena.
Baina bere izena boto paperera iritsi aurretik, herrian batzar bat egiten da. "Duela bi hilabete deitu nuen eta galdetu nuen norbaitek ardura hartzen interesa ote zuen. Batzar horietara lehen etxe bakoitzeko ordezkari bat joaten zen. Gaur egun erroldatutako guztiak joan daitezke. Baina inork ez zuen ezer esan". Beraz, Arakilgo Udalaren laguntzaz Uhartek hautagaitza aurkeztu zuen (udalean 12 urtez zinegotzi izana da). Bigarren legegintzaldia jarraian eginen du Ekaiko kontzeju irekiko presidente gisa.
Bere aurretik Jesus Angel Ongai Sanz izan zen presidentea, 12 urtez. "Nik 14 urte neramatzan kontzejuko buru izaten, azkeneko biak behin behinean eta norbaitek ardura hartzeko eskatu nuen, bestela, kontzejua deuseztatzeko prozesua abiaraziko nuela, ardura udalaren esku uzteko. Ongaik hartu zidan lekukoa, baina dozena bat urte egon zen bera ere". Aurreko eta oraingo aldiarekin Uhartek Ekaiko kontzeju irekiko presidente gisa 18 urte daramatza, eta hastear den legegintzaldia despeditzean 22 izanen dira.
Uhartek azaldu duenez, "erroldatutakoa edo jende nagusia da, edo Iruñean bizi dira. Ezin dute arduratu. Beraz, hautagaitzarik ez dagoenez segitzen dugu. Ongai eta bion artean ahalik eta hobekien kudeatzen saiatu gara". Uhartek duela 16 bat urte jarri zuen mahai gainean kontzejua desegiteko aukera, berak nahiko ez lukeena. "Herritarrengandik gertuen dagoen erakundea da. Herritik kanpoko erakunde batetik baino hobe ikusiko dira dauden arazoak", azaldu du. Kontzejuak herri lurrak, argiteria publikoa, hilerria eta bideak kudeatzen ditu. Eta beste ezaugarri bat ere nabarmendu du: "kontzejua erakunde bakarra da zeinetan beharrezkoa den herrian erroldatuta egotea ardura hartzeko. Udaletan hori ez da gertatzen, edonon bizita ere zinegotzi izan zaitezke". Bestetik, Uharte pozik dago batzarrek duten asistentziarekin: "lehen lauzpabost elkartzen ginen, orain 12-14 gara, eta jendea kontzejuaren kontuen jakitun dago".
Kontzeju koxkorragoak
Presidentea eta lau bokal aukeratu zituzten 50 eta 999 biztanle arteko kontzejuetan igandean. Erroldatutako 168 herritarrekin, Lizarraga hor sartzen da. Hango kontzeju burua da Unai Navarro Aristorena. Argitu duenez, igandeko bozketa baino lehen beste bat egin dute herrian kontzejurako hautagaitza aukeratzeko. "Duela hilabete eta erdi egin genuen eta berrogei bat pertsonek parte hartu zuten".
Navarrok azaldu duenez, "bozketa horretan erroldatutako lizerratar guztiak gara hautagaiak. Herritar bakoitzak bosten izen-abizenak idatzi behar ditu. Zenbaketa egiten da eta inor behartzen ez bada ere, zerrendan agertzen direnak bete behar gisa hartzen dute". Hala ere, lehendabizikoetatik hasita urren-urren galdetu egiten diete kontzejuan sartu nahi ote duten eta bostek baiezkoa ematen dutenean, haiekin osatzen dute kontzejuko hauteskundeetarako boto papera.
Kontzejuko presidenteak esan duenez, "boto paperean bost izenak agertzen dira eta gogokoenen aldamenean X jarri behar da igandean, lau gehienez. Normalean jendeak denen alde egiten dute. Hala ere, boto gehien duena ez da alkate aterako. Bosten artean erabakiko dute". Jakinarazi duenez, 2019an hauteskunde eguna baino lehen berak bazekien kontzejuko presidentea izanen zela, "bestela ez zelako inor aurkeztuko. Aurtengo asmoa, uste dut, urtero ardura aldatzea dela", azaldu du. Dagoeneko haiekin pare bat aldiz elkartu dira eta, azaletik bada ere, zein gai dauden azaldu diete. Kargu hartzeak eta festak, denak bat egin duenez, ospakizunak pasa ondoren eginen dute hautetsi berriei guztia zehatz-mehatz azaltzeko bilera. Lizerratarren artean kontzejua desegiteko aukera ez da sekula mahai gainean egon. "Orain arte beti izan da kontzejurako hautagaitza. Oraingoz, gero ez dakigu zer gertatuko den", azaldu du Navarrok.
Udal txikia
Populazioak udalaren zinegotzi kopurua zehazten du. Gainera, hauteskunde sistema udalaren biztanleriaren arabera aldatzen da. 101 eta 250 biztanle arteko herriei bost zinegotzi dagozkie. Herri horietako hauteskunde sistema nolakoa den jakiteko Irañetako alkate izandako Ainhoa Beraza Maizarengana jo dugu, Irañetak 168 biztanle baititu. "Inor boluntario atera ez zenez, udalak etxez etxe paper bat banatu zuen duela hilabete eta erdi. Bakoitzak bi pertsona proposa genitzake. Oso jende gutxik egin zuen proposamena, 25en batek".
Udalak paperak jaso eta haietan hamar bat pertsonaren izen-abizenak agertzen ziren. "Guztiak elkartu ziren eta zerrenda sor zitekeen aztertu zuten. Azkenean, bost prest agertu ziren udalean lan egiteko, eta haiekin osatu da igandeko boto papera", azaldu du alkate ohiak. Irintarrek bost izenen artean lau markatu behar dituzte. Boto gehien lortzen duena izaten da alkate herri batzuetan, "baina, uste du bosten artean erabakiko dutela zein izanen den alkate", azaldu du.
Berazak gogoratu du duela lau urte ez zela inor prest agertu udala berritzeko. Beraz, alkatea jardunean aritu zen udazkenean, atzera ere, deialdia egin arte. "Orduan boluntario aurkeztu ginen eta zerrenda osatu genuen. Boston artean denbora gehien zuena ni nintzenez, ni aukeratu ninduten alkate, baina nik ez nuen nahi. Joan den urtean arrazoi pertsonalengatik utzi behar izan nuen", azaldu du Berazak. Aurkeztu ez balira Nafarroako Gobernuak udalerako kudeaketa batzordea izendatuko luke. Alkate ohiak azaldu duenez, "pozik gaude jendea aurkeztu delako".