Datorren maiatzaren 28an Nafarroako Foru Hauteskundeak izango dira. Asko dago jokoan. Nafarroa irekiagoa, euskaldunagoa, demokratikoagoa eta, azken batean, justuagoan aurrera ala atzera egiten dugun.
Ezina ekinez egiteko gai garela erakutsi dugu Nafarroako herritarrok. 2015ean hamarkada luzez Nafarroa gobernatu duen zuen eskuin atzerakoi, klientelar eta antieuskaldunari alternatiba aurrerakoi bat eraikitzeko gai izan ginen. Ezberdinen arteko adostasunak eraikiz eta herritarren aldaketa gogoari ahotsa emanez. Aurrerantzean ere, sinetsita nago EHBildu eskuinari ateak behin-betiko itxi eta bide horretan indar erabakigarria izango dela.
Gure lehentasunak jendartearen gehiengo zabalarekin bat datoz, zalantzarik gabe. Batetik, erronka sozial, ekonomiko eta ekologikoaren aurrean, politika publikoen benetako eraldaketa bultzatzea, herritarren eta lurraldearen beharrak erdigunean jartzeko. Bigarrenik, herritarrei alternatibak eskaintzea ezberdinkeria sozialen aurrean, zerbitzu publikoak indartuz eta eskubideak zabalduz.
Eta orain jauzi berri bat eman nahi dugu Nafarroa justuagoa, demokratikoagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko. Datorren legegintzaldia funtsezkoa izango da aurrean ditugun etorkizuneko erronkei heltzeko eta Nafarroako herritarrek izan behar dute hitza eta erabakia.
Izan ere, bere burua gobernatuko duen Nafarroa eraiki nahi dugu. Nafarroako jendarteak behar dituen politika guztiak gauzatzeko eskumen eta tresna gehiago izan nahi ditugu. Nafarroako jendartea erabakitzeko subjektu politikoa da eta bere etorkizunaren jabe izan behar du. Estatuarekin zein Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin nahi dugun harremana erabakitzeko eskubidea badu.
Beste ezeren gainetik, Nafarroa eta Euskal Herria maite ditugu. Eta egin, egingo dugu zeuk ere maite duzun herria. Amaitzeko, datorren larunbatean, maiatzaren 20an, 19.00etan Sakanako ekitaldi nagusira gonbidatu nahi zaitut.
Maite duzun Sakana egiteko, bozkatu EH Bildu! Adeitasunez.
ERREDAKZIOAREN OHARRA: Nafarroako Parlamentuan gaur egun ordezkatuta dauden alderdi eta koalizio guztiei espazio bat eskaini die Guaixek. Hautagai batzuk bere egin dute eskaintza.