Geroa Baik bere sorreratik Nafarroako politikagintza iragazgaitz, gris eta itxienaren moldeak apurtzea lortu du. Mapa hori 40 urtetan zehar mugiezin egon ondoren 2015ean hari buelta ematea lortu genuen, Nafarroako lehen gobernu plural eta aurrerakoiaren buruan jarriz.
Geroa Bai buru izan zuen Gobernu hark Nafarroa oparo, berritzaile, plural eta solidarioago baten oinarriak jarri zituen. Aro politiko berri bat ireki zuen eta azken lau urteetan hori mantentzea lortu dugu, jarrera leial baina zorrotzarekin.
Eta orain garrantzia osoko une politiko bati egin behar diogu aurre. Nafarroak lidergo ausarta berreskuratu behar du. 2015ean Geroa Bairen eskutik hasitako politika aurrerakoien bultzada eta indarra berreskuratu behar ditugu.
2015ean hasi genuen aldaketa atzeraezina, lasaia eta eraldatzailea finkatzeko unea da. Ezin dugu atzera pauso bakar bat ere eman. Nafarroak autogobernuaren defentsa erreal eta tinkoa behar du nafarron bizitza hobetzeko; garapen ekonomiko berritzaile eta lehiakorra, baina gizarte kohesiorako eta gizarte orekarako elementu izango dena ere; etorkizunerako gako diren alorretan politika adoretsu eta eraldatzaileak, hala nola, energia berriztagarrietan, autokontsumo energetikoan eta ekonomia zirkularrean.
Gure zerbitzu publikoen kalitatea sendotzeko beharra dugu, osasungintzaren alorrean bereziki, Lehen Arretaren eta itxarote zerrenden arazoei irtenbidea emango dieten erreformekin. Kalitatezko Hezkuntza Publikoa bermatuz eraiki behar dugu gure etorkizuna. Eta gure lurralde osoan euskararen defentsa bermatu, bake eta bizikidetza politiketan aurrera eginez ere eta gizarte berdinzaleago baten alde lan eginez, denontzako eskubide eta askatasunak bermatuz.
Horregatik guztiagatik, loturarik gabeko Gobernu baten buruan egoteko nire konpromiso politikoa eskaintzen dut, Nafarroaren interesak ausardiaz defendatu eta negoziatuko dituena, erronkei ekimenez, lidergoz, tinkotasunez aurre egingo diena. Ausardiaz.
Nire konpromisoa eta Geroa Bairena: gobernu ausart bat Nafarroa ausart batentzako.
ERREDAKZIOAREN OHARRA: Nafarroako Parlamentuan gaur egun ordezkatuta dauden alderdi eta koalizio guztiei espazio bat eskaini die Guaixek. Hautagai batzuk bere egin dute eskaintza.