Triatloi

Sakandarrak bikain Iruñeko Half Triathlonean

Guaixe 2023ko mai. 29a, 11:00

Mikel Astiz Nafarroako txapeldunordea izan zen eta Sergio Garcia de Eulate hirugarren nafarra

Maiatzaren 20an jokatu zen Alloz eta Iruñea batu zituen 8. Iruñeko Half Triathlon proba gogorra, Distantzia Luzeko eta Erdiko Espainiako Koparako baliagarria. 700 triatletek hartu zuten parte. Allozko urtegian 1.900 metro igeri egin behar izan zuten triatletek, bizikleta hartu eta Iruñera iritsi (85 km) eta, Iruñeko erdiguneko kaleetan 19,5 kilometroko lasterraldia egin, proba Gaztelu Plazan despeditzeko. Ikaragarria. 

Astiz, eliteetan sakandarbakarra
Iruñeko Half Triathlon probako elite mailan Fernando Zorrillak (3:43:08) irabazi zuen, Eneko Llanosen aurretik (3:44:56).Hiru Herriko Mikel Astiz Ollo ihabardarra izan zen elite mailan aritu zen sakandar bakarra. 26. postuan sailkatu zen (4:15:40), joan zen urteko bere denbora hobetuz, eta Nafarroako txapeldunordea izan zen, merezimendu osoz. Emakumezkoetan Laura Gomez (4:20:03) eta Ruth Brito (4:27:56) gailendu ziren. 

Adin tartekoan Garcia de Eulate primeran
Espainiako Distantzia Erdiko Adin Tarteen Txapelketan Rianxo taldeko Alexandre Otero (4:04:46) gailendu zen. Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate Maiak lan txalogarria egin zuen eta hamargarren sailkatu zen (4:28:20), 40 eta 44 urte arteko adin tartean hirugarren. Nafarroako Txapelketa orokorrean hirugarren sailkatu zen, Mikel Astizen atzetik. 

Jose Ignacio Mikeo Genbe lakuntzarra (Hiruki Triatlon) 63. iritsi zen, 50 eta 54 urte arteko adin tartean hirugarren (4:41:47). Sakana Triatloi Taldeko Iñaki Alvaro Moran 84. sailkatu zen, 35 eta 39 urte arteko adin tartean hamaseigarren (4:47:50). Bere taldekide Antton Zelaia Etxarri urdiaindarra 99. tokian sailkatu zen, 45 eta 49 adin tarteko sailkapenean hamazazpigarren (4:51:25); eta Sakana Triatloi Taldeko Jon Iturrioz Sanchezek 105. postuan bukatu zuen, 50 eta 54 adin tarteko sailkapenean zazpigarren (4:53:31).