Nafarroako Parlamentua osatuko duten alderdi eta koalizioekin harreman erronda egin du azken asteetan Euskalgintzaren Kontseiluak. Errondatik Kontseiluak atera duen ondorioa da alderdi eta koalizioek ez dutela “euskararen ofizialtasuna ortzimuga hurbilean ikusten, nahiz eta helburu horretarako baldintzak sortu behar direla uste duten”. Kontseiluaren iritziz, “legegintzaldi hau behingoz ofizialtasunarena izan behar da, milaka herritarren eskubideek ezin baitituzte beste lau urte itxaron”. Bestalde, alderdiei eta koalizioei dei egin die ez uzteko ofizialtasunaren gaia negoziaketen lehen minutuan erortzen.
Kontseiluak gaztigatu duenez, “adostasun sozialetan sakontzen jarraituko” du, “Nafarroa osoko gizarte eragileekin eta norbanakoekin ofizialtasunaren aldeko jarrera eta adostasun politikoa erdiesteko baldintzak sustatzen”. Apirilaren 20ko agerraldian esandakoa errepikatu dute: “ofizialtasunak ez dizkio inori eskubideak kentzen, ez dituenari ematen dizkio. Izan ere, ofizialtasunak euskara ikasteko erraztasunak emango dizkio hala nahi duenari. Seme-alabak euskarazko ereduan matrikulatzeko aukera errealak emango dizkio ofizialtasunak. Ofizialtasuna ez da nahi bat, behar bat da. Ofizialtasuna nafar guztien arteko berdintasuna baita: ‘ateak irekitzeko giltza, ez ixtekoa’”.
Programak eta proposamenak
Alderdiekin izandako kontaktuetan, Kontseiluak bi aldagai baloratu ditu. Batetik, bilera eskaeraren aurrean izandako jarrera, eta euskararen ofizialtasunaren aurrean izandakoa. Bestetik, alderdien proposamenen azterketa hauteskunde-programetan jasotakoarekin aberastu da. Kontseiluak bilera proposamenak egin zizkien UPN, PP, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Zurekin Nafarroari. Haietatik, azken hirurek soilik erantzun zioten biltzeko eskaerari.
UPNkoen aldetik bilera eskaeraren erantzunik jaso. Hauteskunde programa aztertuta, «euskara zonifikazioaren arabera sustatuko» dutela jasotzen da, eta beraz, euskararen egungo status juridikoa betikotzearen alde egiten da.
PPNk bilera eskaerari ez zion erantzunik eman. Programa aztertuta, euskararen inguruko aipamenak oso urriak diren arren, UPNren bide beretik zonifikazioa betikotzearen alde egiten da.
PSNtik ere ez da jaso bilera eskaeraren erantzunik. Hauteskunde programa aztertuz, 1986ko Euskararen Legea mantentzearen alde egiten da, “lurraldeko eskari eta errealitate soziolinguistikoaren araberako trataera” bermatzeko eraginkorra izan dela azpimarratuz.
Geroa Bairen ordezkariekin izandako bileran euskararen ofizialtasunak beraien programan “zentralitatea” duela azaldu zuten. Programan jasotzen du Nafarroako Foru Hobekuntza berrizteko prozesuan zonakatze murriztailea bertan behera uztea, “hizkuntza arrazoiengatik inor diskriminatu ez dadin bermatzeko”. Bestetik, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko Euskararen Lege berri bat onartzearen alde egiten du, “gaur egungo zonakatzean dauden irizpide murriztaileak gainditzeko· xedez.
EH Bilduko kideekin egindako bileran euskararen ofizialtasuna “funtsezkotzat” jo zuten. Horrela, hauteskunde programan jaso dute Nafarroako Foru Hobekuntza aldatzea eta, harekin batera, Euskararen Normalizaziorako Lege berri bat onartzea proposatzen dute, “zonifikazioa gainditu eta herritar guztiei hizkuntza eskubide berdinak aitortuko dizkiena”.
Zurekin Nafarroarekin izandako bileran, haiendako ere euskararen ofizialtasuna “funtsezkoa” dela adierazi dute, eta Nafarroa osoan koofiziala izatea proposatzen dute. Hauteskunde programak jaso du egungo Euskararen Legea ordezkatuko duen Hizkuntza Politikaren Legearen proposamena.