EH Bilduk 4.702 boto eskuratuta, udal hauteskundeetan boto gehien lortu duena izan da. Hala ere, duela lau urte baino 334 boto gutxiago eskuratu ditu. Koalizioaren esku hamar udal gelditu dira: Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia. Guztira 79 zinegotzi.
Geroa Baik 2.150 boto eskuratu ditu Sakanan, 2019an 398 boto gutxiago. Altsasuko Udalari sendo eutsi dio, nahiz eta zinegotzi bat galdu. Koalizioak Ziordikoekin batera 11 zinegotzi eskuratu ditu. Hautagaitza independenteen esku gelditu dira Irañeta, Arruazu eta Ergoienako udalak, 17 zinegotzi guztira. Bestetik, UPNk ibarrean jasotako 495 botoek bost zinegotzi eman dizkiote: Irurtzunen 3 eta bana Etxarri Aranatzen eta Olatzagutian. Azken herri horretan lortu du PSNk ibarreko zinegotzi bakarra.
Nafarroako Parlamentua
Foru legebiltzarra berritzeko hauteskundeetan EH Bildu izan da sakandarren boto gehien jaso dituena: 3.743 boto, duela lau urte baino 13 gutxiago. Geroa Baik 2.667 boto eskuratuta sakandarren bigarren aukera izan da, baina lau urtean 974 boto galdu ditu. PSNren aldeko botoa eman dute 1.056 sakandarrek, 2019an baino 108 boto gehiago.
UPNk 894 boto eskuratuta sakandarren laugarren aukera da. PPNk 330 boto eskuratu ditu eta seigarren hautagaitza botatuena da Sakanan. Navarra Suma koalizioak aurreko deialdian 1.414 boto eskuratu zituen. Beraz, UPNren, PPNren eta Ciudadanosen 8 botoak batuta 1.232 boto dira, duela lau urte koalizioak lortutakoak baino 182 boto gutxiago.
Zurekin Nafarroaren alde 376 pertsonak egin dute Sakanan. Boto gehien eskuratu duen bosgarren aukera izan da ibarrean, baina duela lau urte Ahal Duguk eta I-Ek nor bere aldetik aurkeztu zen eta 599 boto lortu zituzten (424 eta 175). Hau da, 223 boto galdu dituzte deialdi honetan. Azkenik, sakandarren zazpigarren aukera Vox izan da 145 boto eskuratuta, aurreko deialdian baino 101 gehiago.