PSOEk autonomia eta udal hauteskundeetan estatuan galera jasan zuen igandean. Izan ere, PPk batu zituen boto gehien eta bigarren izan zen PSOEri hiru puntuko aldea atera zion. Gainera, sozialisten esku zeuden bederatzi erkidegoetatik sei eskuratu ditzakete popularrek Voxekin bat egiten badute. Hori dela eta, Pedro Sanchez Perez-Castejon presidenteak Espainiako hauteskundeak aurreratzeko erabaki du: abenduan egitekoak zirenak garilaren 23an izanen dira. Hauteskunde mahaietako kideak aukeratzeko zozketak garagartzaroaren 24 eta 28 bitartean eginen dituzte udalek.
Erabakiak berarekin dakar hauteskunde kanpaina garilaren 7an hastea, sanfeminekin batera, eta garilaren 21ean bukatzea. Hauteskunde kanpaina bete betean ospatuko dira Iturmendiko festak, garilaren 14tik 19ra. Irurtzungo festak ere hauteskunde kanpainan hasiko dira, garilaren 19an, eta hauteskunde egunean bertan, garilaren 23an, despedituko dira. Bakaikun festak garilaren 21ean hasi eta 25era arte luzatuko dira. Olatzagutian festak 22an hasi eta 26ra arte izanen dira.
Bestalde, Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak ere haurren aingeruari aurkezpena garilaren 23rako iragarria du. Garilean ere jende asko oporretara joaten da.