Maiatzaren 27an, larunbata, afizionatuen Loinatz Proba jokatu zen Beasainen, aurten Euskadiko Errepideko Txapelketa zena eta, aldi berean, Euskaldun Txapelketarako baliagarria. Rural Kutxa-Alea talde sakandarrak festa polita ospatu zuen, Samuel Fernandez bere txirrindulariak garaipen polita lortu zuelako (3:04:06), Laboral Kutxako Unai Zubeldiari eta Ander Ganzabali 2 segundo aterata.
Jon Gil lakuntzarra (Gomur Cantabria) 22. sailkatu zen, Martxel Etxeberria iturmendiarra (Rural Kutxa-Alea) 28. eta Ailetz Lasa ziordiarra (Laboral Kutxa) 29. Talde onena Laboral Kutxa izan zen.
Euskadiko Txapelketa Ander Ganzabal eliteak (Laboral Kutxa) irabazi zuen, eta 23 urtez azpikoan Unai Zubeldiak (Laboral Kutxa).
Euskaldun Txapelketan Julen Arriola (Rural Kutxa-Alea) doa buruan (121 puntu) eta Iker Mintegi da bigarren (112 puntu). Mintegik ezin izan zuen parte hartu Polonian zegoelako, Orlen Nations Grand Prixean.