Maiatzaren 28an udal eta kontzeju hauteskundeetatik ateratako 14 udalak eta 14 kontzejuak garagarrilaren 17an, larunbatarekin, eratuko dira. Iturmendiko Udala eta Zuhatzuko Kontzejua dira berritu gabe gelditu diren toki erakunde bakarrak, eta bigarren deialdia udazkenean izanen da haietan. Udal hauteskundeetan 15.153 sakandarrek zuten botoa emateko aukera eta eskubide hori 9.307k erabili zuten, %61,42. Abstentzioa %38,58koa izan zen, aurreko deialdian baino 4,27 puntu gehiago. Azken bi deialdietan parte hartzea 7,46 puntu jaitsi da.
Ibarreko udal guztietako emaitzak kontutan hartuta, EH Bildu izan da boto gehien lortu dituen hautagaitza. Sakandarren %52,94, 4.702, koalizioaren aldeko botoa eman zuen igandean. Duela lau urteko deialdiarekin alderatuta EH Bilduk babesaren %6,63, 334 boto, galdu ditu. Baina boto portzentajean 2,02 puntu hazi da. Estreinakoz 2015ean aurkeztu zenean baino 174 boto gehiago dira igandean lortu zituenak. Guztira 10 alkatetza eta 79 zinegotzi eskuratu ditu, zinegotzi bat gehiago.
Ibarreko bi udaletan aurkeztuta Geroa Baik 2.150 boto eskuratu ditu, Sakanan emandako botoen %24,21. Aurreko deialdiarekin alderatuta koalizioak %15,62 boto galdu ditu, 398. Boto portzentajean ere 1,55 puntu egin du behera Geroa Baik. Hala ere, koalizioa 2015ean estreinakoz aurkeztu zenean baino 624 boto gehiago dira. Alkatetza bat eta 11 zinegotzi ditu, zinegotzi bat gutxiago.
Duela lau urteko udal hauteskundeetan Navarra Sumak 710 boto eskuratu zituen Sakanan. Eskuineko koalizioa desegin ondoren, hiru hautagaitza aurkeztu ditu politikako sektore horrek eta haien artean sakandarren babes gehien lortu duena UPN izan da: %5,57, 495 boto. PPNk %2,18ko babesa, 172, boto lortu ditu sakandarren artean. Eta, azkenik, koalizioa osatzen zuen Ciudadanosek ez du hautagaitzarik aurkeztu udal hauteskundeetan. Beraz, koalizioa osatu zutenen alderdiek 689 boto eskuratu dute ibarrean, aurreko deialdian baino %2,95 eta 21 boto gutxiago. Erregionalistak bakarka aurkeztu ziren azken aldian, 2015ean, baino 165 boto gutxiago eskuratu zituzten igandean. Popularrei dagokienez, 227 boto galdu dituzte 2015etik. Igandeko emaitzekin UPNk bost zinegotzi lortu ditu eta PPNk bakarra; 2019an baino bat gehiago, baina 2015ean baino bi gutxiago (UPNk 6 eta PPNk 2).
Udal bakarrean aurkeztuta Zurekin Nafarroak Sakanako botoen %1,94, 172 boto, eskuratu zituen. Ezkerreko eta ekologistak diren alderdien konfluentziak 2019an bi boto gehiago lortu zituen, %1,14. Orduan 124 Ahal Dugurendako izan ziren eta 50 I-Erendako. Koalizioa zinegotzirik gabe gelditu da.
PSN bi udaletan zerrendak aurkeztetik bakarrera pasa da eta horrek toki erakundeetan zortzigarren indarra bilakatu du botoen %0,89 eskuratuta. Lau urtetan sozialistek botoen %77,23, 268, galdu dituzte. 1983ko udal hauteskundeetan 2.015 boto eskuratu zituztenetik sozialistek etengabe egin dute behera eta gaur egun ibarrean zinegotzi bakarra dute, orain arte bi zituzten.
Hautagaitza independenteei dagokienez, hiru udalen ardura haien esku gelditu da. Irañetan %24,63, 17 boto, igo zen parte hartzea. Arruazuko hautagaitzak %7,41 boto gehiago, 4, eskuratu ditu. Ergoienan, berriz, bi hautetsi elkarte aurkeztu ziren eta orain arte oposizioan zenak, Batzarramendik, botoen %73,26, 63 gehiago, izan eta alkatetza izatera pasa da.
Generoa
Iturmendiko Udalean udazkenean gertatuko denaren zain, 2023-2027 legegintzaldia hasieran alkate zortzi gizonezko (%64,28) eta bost emakumezko (%35,71) izanen dira (Irañetan garagartzaroaren 17an erabakiko dute). Gizonezko alkate berri bakarra Unai Razkin Iriarte da. Hiru emakumezkok mustuko dute ardura garagartzaroaren 17an: Oihane Uribeetxeberria Garmendia, Maria Soledad Mozo Galarza eta Maria Saez de Albeniz Bregaña. Gainontzeko udal agintariek errepikatu egiten dute.
Zinegotziei dagokienez, alderdi eta koalizioek udalak berritzeko 27 zerrenda aurkeztu zituzten, guztira 264 hautagai. Haietan gizonezkoak 146 (%55,30) ziren eta emakumezkoak, berriz, 118 (%44,70). Ibarrean 121 daude eta 114 kargu berritze egin ziren igandean. Haietatik 70 (%61,4) gizonezkoak dira 44 emakumezkoak (%38,6). Hau da, hauteskunde zerrenden osaerako portzentajea ez da mantendu behin hauteskundeak eginda. Izan ere, hautetsi gisa aukeratutako gizonezkoen portzentajea zerrendetan aurkeztutakoa baino 6,1 puntu altuagoa da. Kopuru berean egin du behera emakumezkoenak.
Duela lau urteko kopuruekin alderatuta (orduan 13 udal berritu ziren maiatzean) 0,85 puntu gehiago hazi da gizonezkoen portzentajea, eta kopuru berean egin du behera emakumezkoenak. Berritu diren hamalau udaletatik soilik hirutan daude emakumezko zinegotzi gehiago gizonezko baino: Uharte Arakil (zinegotzien %57,14 emakumezkoak), Arbizu (%55,56) eta Ergoiena (%57,14). Bestetik, zinegotzien artean genero desoreka handien duten lau udalak dira: Urdiain (%85,71 gizonezkoak dira), Olatzagutia (%77,78), Irurtzun (%72,73) eta Bakaiku (%71,43). %60 eta 70 artean bost udal daude: Etxarri Aranatz (%63,64 zinegotzi gizonezko), Altsasu (%61,54), Ziordia (%61,40) Irañeta eta Arruazu (%60). Parekidetasunetik gertuago hiru udal daude: Lakuntza (%55,56 zinegotzi gizonezko) eta Arakil eta Ziordia (%57,14).
Foru hauteskundeak
Udal hauteskundeen pareko parte hartzea izan zen Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetan: %61,94. Udal hauteskundeetan 0,52 puntu txikiagoa izan zen parte hartzea. Abstentzioa %38,06koa izan zen. Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetan Sakanan babes handia lortu duena EH Bildu izan da: %39,67 eta 3.743 boto. Udaletakoekin alderatuta, koalizio abertzaleak Parlamenturako 959 boto gutxiago eskuratu ditu. Litekeena da udal hauteskundeetan bere gogoko hautagaitza opatzen ez duenak edota udaletan eskuineko alderdiei presentzia galgatu nahi duenak Parlamenturako beste hautagaitza bat aukeratzea. Antzeko jokabidea ikusten da beste alderdi batzuen kasuan ere. EH Bilduk aurreko deialdian baino 13 boto gutxiago (%0,35 jaitsiera) lortu ditu, baina bere boto portzentajea 4,09 puntu hobetu du. Bere joera egonkor mantentzen da. Eneka Maiz Ulaiar etxarriarra EH Bilduko parlamentaria izanen da.
Geroa Bai da bigarren indarra Sakanan botoen %28,26rekin, 2.667. Udal hauteskundeetan baino 517 boto gehiago lortu baditu ere, 2019ko deialdiarekin alderatuta, oraingoan 974 boto galdu ditu koalizioak (%26,75), eta bere boto portzentajeak 6,23 puntu egin ditu behera. 2015ean baino 68 boto gutxiago eskuratu zituen igandean. Unai Hualde Iglesias altsasuarra Geroa Baiko parlamentaria izanen da.
Sakandarren artean foru legebiltzarrerako hautagaitzen artean hirugarrena PSN da botoen %11,19 eta 1.056 babes jasota. Udal hauteskundeetan zerrenda bakarra eta 79 boto besterik lortu ez baditu ere, alderdi sozialistak hautesle fidelak dituela agerian gelditu da. Izan ere, aurreko deialdiarekin alderatuta %11,39 eta 108 boto gehiago dira. 1983an 3.029 botorekin goia jo ondoren, hondoa 2015ean jo zuen 812 botorekin. Ordutik goraka ari da.
Ibarreko laugarren indar bilakatu dute UPN jasotako botoen %9,47 eta 894 botoek. PPN, berriz, sakandarren seigarren aukera izan da foru hauteskundeetan botoen %3,5 eta 330 boto lortuta. Ciudadanosek, aldiz, %0,08 eta 8 boto eskuratu ditu Sakanan. Duela lau urte hiru indarrak Navarra Suma koalizioaren baitan aurkeztu ziren eta 1.414 boto eskuratu zituzten ibarrean. Hirukoaren aurtengo batuketak 1.232 boto ematen ditu, %12,87 eta 182 boto gutxiago. Navarra Sumak 2019an sakandarren botoen %13,39 eskuratu zituen. Hiru alderdien emaitzen aurtengo baturak %13,05 ematen du, 0,34 puntuko jaitsiera. Erregionalistek 1999an 2.504 botorekin goia jo zuten, orduz geroztik beherako joera dute ibarrean. Popularrek 2011n 561 boto lortu zituzten Parlamenturako Sakanan eta ordutik beheranzko joera dute, 2015ean 351 boto jaso zituzten.
Zurekin Nafarroa da foru hauteskundeetan gogoko bosgarren aukera. Ekologistak eta ezkertiarrak batzen dituen koalizioak sakandarren botoen %3,98 eta 376 eskuratu dituzte. Udal hauteskundeetan baino 204 sakandarrek egin dute haien alde, 118,60 puntu gehiago. Aurreko deialdian Ahal Dugu eta I-E banatuta aurkeztu ziren eta botoen %5,68 eta 599 boto eskuratu zituzten. Hau da, 1,7 puntu eta 223 boto galdu dituzten lau urtetan, apika abstentziora edo beste hautagaitzetara joan direnak. Beherako joera du espazio horrek Sakanan. Izan ere, Ahal Duguk 2015ean 1.281 boto eskuratu zituen, eta I-Ek, berriz, 180. Azkenik, Nafarroako Parlamentuan sartzea lortu duen alderdia da Vox. Ultraeskuindarrek ibarreko botoen %1,54 eta 145 boto eskuratu dituzte. Hau da, 101 babes gehiago, %229,55eko hazkundea.
63 berriak
Kargua hartuko duten 114 zinegotzietatik 63 berriak izanen dira, %55,26. Izendapen horren barruan daude udal ardura sekula izan ez dutenak, aurreko legegintzaldi hasieran zinegotzi gisa hasi ez zirenak edo aspaldi udal ardura izan ondoren bueltatu direnak. Kopuruari erreparatuta, berrikuntza gehien izanen duten udalak, zazpina zinegotzi berri, Ergoiena, Etxarri Aranatz eta Olatzagutia dira. Lakuntzan sei berri sartuko dira. Bosna, berriz, Irurtzun, Arbizu eta Altsasun. Lau zinegotzi berri izanen dira Uharte Arakilen eta Bakaikun. Eta hiruna Arakilen eta Urdiainen. Azkenik, Irañetan eta Ziordian bina hautetsi berri izanen dira.
Udalez gaindiko erakundeak
Udalak garagarrilaren 17an osatuko dira. Eta orduan udalez gaindiko erakundeetarako ordezkariak aukeratzen hasi beharko dira udalak: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Sakanako Mankomunitatea, Cederna Garalur... Sakanako Mankomunitateko jarduneko presidente David Oroz Alonsok jakinarazi duenez, ibarreko erakundearen eraketa garil bukaerarako egin nahi luke.
Datuak
%28,66
Abstentzio txikien izan dutenak Ergoiena eta Bakaiku izan dira.
%44
Abstentzio handien izan dutenak Urdiain eta Olatzagutia izan dira.
%11,39
Ergoienan parte hartzeak gora egin dituen puntuak. Uharte Arakilen 5,2 izan da.
%11,74
Urdiainen abstentzioak gora egin duen kopurua. Etxarri Aranatzen 9,19 eta Arbizun 8,05 izan da.
%16,18
Baliorik gabeko boto gehien Bakaikun izan dira. Lakuntzan 12,48 eta Arbizun 10,59.
%0,47
Boto baliogabe gutxien Ziordian izan dira. Arruazun 1,06 eta Altsasun 1,75.
%23,08
Boto txuri gehien Arakilen zenbatu dira. Arbizun 20,20 eta Lakuntzan 19,25.
0
Boto txuri gutxien Arruazun izan ziren. Ergoienan 0,44 eta Irañetan 1,16