Nafarroak PaRIS (pazienteen adierazleen inkestak, ingelesezko sigletan) ikerketan parte hartuko du. Ikerketa horren bidez pertsona helduek beraien osasun egoerari buruz hautematen dutena ezagutu nahi dute. Baita Lehen Arretan jasotako zerbitzuen esperientzia nolakoa izan den ere. Emaitza eta esperientzia neurketa hori egiteko bereziki baldintza kroniko bat edo gehiago dituzten pazienteengana joko dute. Horiek jasota, ikerketaren helburuak dira, batetik, pertsonengan zentratuagoak dauden osasun sistemak garatzea. Bestetik, emaitzei eta pazienteen osasun esperientzien inguruko adierazle sorta bat sortu nahi dute. Horiek fidagarriak, baliagarriak eta nazioartean konparaketak egiteko baliagarriak izatea nahi dute.
Foru administrazioak jakinarazi duenez, Nafarroako zortzi osasun eremuk parte hartuko dute ikerketa. Haien artean dago Irurtzungo osasun eremua, bere baitan, ibarrean Arakil, Irurtzun, Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazu hartzen dituena. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Irurtzungo osasun eremuan paziente heldu batzuk aukeratu dituzte. Haiek ikerketan parte hartzeko gonbidapena eginen dien gutuna jasoko dute. Ondoren, haiekin harremanetan jarriko dira baimena lortzeko eta telefono bidezko inkesta egiteko. Inkestak 25 minutu iraunen du, gutxi gorabehera, eta beren osasun egoerari buruzko galderen zerrenda bat izanen da, baita parte hartzaileek lehen mailako arretako zentroko talde profesionalen aldetik jasotzen dituzten osasun arretarekin lotutako iritzien eta esperientzien zerrenda ere. Dei horiek egiten maiatzaren 31n hasi ziren. Gobernutik nabarmendu dutenez, "inkestan parte hartzea borondatezkoa da, emandako informazio guztia isilpean gordeko da".
Pazienteekin batera, Irurtzungo osasun eremuko hainbat profesional ere proiektuan parte hartzera gonbidatu ditu. Haien kasuan online inkesta bat erantzun beharko dute. Besteak beste, honako gaien inguruan galdetuko diete: Lehen Mailako Atentzioko zentroaren antolamendu-ezaugarriak, pazienteen informazio klinikoaren erregistroa eta paziente kronikoen kudeaketa jorratuko ditu.
Halako nazioarteko inkesta bat egiten den estreinako aldia da. OCDEren, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen, Osasun Batzordeak sustatzen du PaRIS proiektua, eta 21 herrialdek parte hartzen dute. Ikerketa hiru fasetan planifikatu zuten, eta 2019ko ilbeltzean abiarazi zuten abenduan despedituko da.