Futbola

Lagun Artea eta Etxarri Aranatz jaitsi dira

Guaixe 2023ko eka. 5a, 11:00
Lagun Artearen eta Etxarri Aranatzen arteko partida. Datorren urtean erregional mailan jokatuko dituzte euren arteko derbiak.

Preferente mailatik Erregional mailara jaitsi dira bi talde sakandarrak, denboraldian asko sufritu eta gero. Joan zen urtean Preferentera igo zen Altsasuk maila mantendu du. 2023/2024an derbi sakandarrak Erregionalean jokatuko dira

2022/2023 Preferente Mailako liga bukatu da, albiste tristearekin: Lakuntzako Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek maila galdu dute eta datorren denboraldian Erregional mailan lehiatuko dira. 30 urte Erregional mailan egon ondoren joan zen urtean Preferente Mailara igo zen Altsasuk, aldiz, mailari eutsi dio. 

Maiatzaren azken asteburuan jokatutako Preferenteko 34. jardunaldiak erabaki zuen dena. Altsasuk 1 eta 2 galdu zuen Burladés taldearen kontra eta liga hamabigarren postuan bukatu du (40 puntu). Etxarri Aranatzek Rotxapea izan zuen aurkari; irabaziz gero mailari eusteko aukera zuen Etxarrik, baina Rotxapeak Lehen Maila Autonomikorako igoera fasean sailkatzea zuen jokoan, eta 4 eta 1 irabazi zuen. Etxarri hamaseigarren sailkatu da (32 puntu), salbaziotik puntu bakarrera, eta mailaz jaitsiko da. Lagun Arteak bazekien ez zuela mailari eusteko aukerarik, baina garaipenarekin esan nahi zion agur Preferenteari. Ezin izan zuen, Aibarések lehen postuak zituelako jokoan eta Oibarkoak 2 eta 4 gailendu zirelako. Hemezortzigarren bukatu du liga, azken postuan (26 puntu). 

Kolpe latza
Ez dira Etxarri Aranatzen eta Lagun Artearen garai onenak. Etxarri Aranatz azken urteetan Preferente mailari eusteko borroka gogorrean ibili da ia urtero, baina azken unean mailari eustea lortzen zuten gorriek. Aldiz, aurten ez da posible izan. 

Lagun Artearen ibilbidea, aldiz, gorabeheratsuagoa izan da. Urte gutxitan denetatik bizi izan du talde lakuntzarrak. 2017/2018 denboraldian Preferentetik Erregional mailara jaitsi zen talde zuria, baina hurrengo denboraldian, 2018/2019an, atzera ere Preferentera igotzea lortu zuen. 2019/2020 denboraldian, Preferentean bigarren postuan zegoenez eta pandemiagatik liga bertan behera geratu zenez, 2020/2021 denboraldian Lehen Maila Autonomikora igo zen. 2021/2022 denboraldian Lehen Maila Autonomikotik Preferentera jaitsi zen Lagun Artea, eta jokalari askok taldea utzi zuten. 2022/2023 denboraldian Preferentean hasi ziren lakuntzarrak, eta denboraldi zaila izan da eurendako, talde ia berrira egokitu behar izan direlako. Gaizki hasi zuten denboraldia, hasieratik jarri zitzaien maldaz gora, eta Erregional mailara jaitsi dira. 

Talde txikiak eta handia
Etxarri Aranatz eta Lagun Artea herri txikietako talde txikiak direla ez da ahaztu behar. Arraroena, agian, orain arte Preferente mailan eta Lehen Maila Autonomikoan egotea izan da, ez horrenbeste Erregional mailara jaistea. Askoz ere bitxiagoa zen, Altsasuk duen egiturarekin, horrenbeste urtez Erregional mailan egon izana. Baina, zorionez, Altsasu Preferente mailara igo zen, eta agian Lehen Maila Autonomikora begira jarri beharko lirateke gorritxoak. 

Altsasu Kirol Elkarteak balorazio ona egin dezake. Altsasuk Preferente mailari tamaina hartu dio, eta Erregional mailako Altsasu harrobi bikaina da. Altsasuko jubenilek Maila Nazionalari eutsi diote eta gainontzeko taldeak ere txukun ibili dira. Emakumezkoen Preferente mailako Altsasuk mailari eutsi dio, eta nahiz eta Kopan batere fin ez ibili, emakumezkoen futbola gora doa.