Txirrindularitza

Ailetz Lasa eta Iker Mintegi, atsedenik gabe

Guaixe 2023ko eka. 5a, 12:09
Ailetz Lasa helmugara iristen. TXIRRINDULARIAK

Laboral Kutxako txirrindulariak aurrean egon dira. Ailetz Lasa zazpigarren sailkatu zen Segurako San Joan proban eta Iker Mintegi zortzigarren iritsi zen Irungo San Pedro sarian

Asteburuan afizionatuen mailako bi lasterketa jokatu ziren, ekainaren 3an LXV. San Joan Txirrindulari Proba, Seguran, eta ekainaren 4an Irungo San Pedro Sari Nagusia. Laboral Kutxa eta Finisher taldeek garaipen bana eskuratu zuten. 

Seguran berotzarra izan zen txirrindularien etsairik nagusiena. Laboral Kutxako Nicolas Alustizak ongi eutsi zion eta helmugara bakarrik iritsi zen (03:03:29) Rural Kutxa-Alea taldeko Samuel Fernandezi segundo bateko aldea aterata (03:03:30). Tropela zatituta iritsi zen. Laboral Kutxako Ailetz Lasa zazpigarren sailkatu zen (3:03:59) Alustizaren alde talde lan ederra egin eta gero. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Jon Gil (Gomur Cantabria Infinita) 21. iritsi zen, Iker Mintegi (Laboral Kutxa) 25., Aimar Tadeo (Finisher) 55. (lakuntzarrak alergia arazoak ditu eta Segurakoa gurutzabide latza izan zen berarendako) eta Martxel Etxeberria (Rural Kutxa-Alea) 57. 

Hurrengo egunean, ekainaren 4an, Irungo San Pedro Saria zegoen jokoan, aldi berean Gipuzkoako Elite Txapelketa izan zena. Unai Aznarrek (Finisher) taldekideen lana maisuko borobildu zuen (03:34:28) eta segundo bat atera zion Laboral Kutxako Ander Ganzabali (03:34:29). Iker Mintegi altsasuarra (Laboral Kutxa) aurrean egon zen eta, azkenean, zortzigarren sailkatu zen (03:35:06). Jon Gil 21. iritsi zen helmugara. 

Mintegi-Arriola lehia
Iker Mintegik eta Rural Kutxa-Aleako Julen Arriolak borroka gogorra dute Euskaldun Txapelketa irabazteko, eta bai Seguran eta baita Irunen ere, biak elkarren ondoan iritsi ziren helmugara. Momentuz, eta txapelketa despeditzeko lasterketa baten faltan, Julen Arriola da txapelketako buru (128 puntu), Mintegiren aurretik (120 puntu). 

Nafarroako Itzulia
Afizionatuak ekainaren 8tik 11ra jokatuko den Nafarroako Itzulia prestatzen ari dira. Lodosan, Artika-Berriobeitin, Iruñean, eta Caseda-Muskildan jokatuko dira etapak. Itzulia gogorra bezain prestigiotsua da.