Txirrindularitza

Sakandarrak txukun Lizarran

Guaixe 2023ko eka. 6a, 10:00
Kadeteen lasterketan sekulako euri jasa izan zen. MARTIN EARLY

Emakumeen Lizarrako Udala V. Saria jokatu zen asteburuan, kadete mailatik elite mailara bitarteko proba, Koparako baliagarria

Ekainaren 3an Emakumeen Lizarrako Udala V. Saria jokatu zen, kadeteen eta juniorren mailako lasterketa, Espainiar Estatuko Koparako baliagarria. Estatu mailako talde onenek parte hartu zuten, Portugalgo selekzioak baita ere. Ekaitza eta euria izan zituzten bidaide. 

Kadeteen mailan atzera ere Nafarroa Ermitagaña taldeko Paula Ostizek sekulako erakustaldia eman zuen euripean. Eraso bikaina joaz, bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (1:06:01), atzetik zetorren tropeltxoari 53 segundo aterata. Ecologicos Navarra-Beratxa Tafallako taldean dabiltzan sakandarrak primeran aritu ziren. Ane Beltran 30. sailkatu zen, Ane Berastegi 37. eta Siets Goikoetxea 66. Taldekako sailkapenean bigarren izan zen Ecologicos Navarra-Beratxa.

Junior mailan Portugalgo selekzioko Marta Carvalho gailendu zen (2:08:12). 

Nahia Imaz
Hurrengo egunean, ekainak 4, 23 urtez azpiko eta eliteen mailako lasterketaren txanda izan zen. Laboral Kutxa taldeak denboraldiko bere lehen garaipena lortu zuen, taldeak egindako lanari Usoa Ostolazak jarritako gingari esker (2:44:38). Erasoa jo eta bakarrik iritsi zen helmugara, atzean zetorren hirukoteari, tartean Laboral Kutxako bi taldekide, 45 segundo atera. Sopela Women taldeko Nahia Imaz altsasuarra 31. iritsi zen, 6:22ra.