Euskararen errepublika, biziraupenerako bidea

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Leibar eta Intza Gurrutxaga (EHEko kideak) 2023ko eka. 14a, 12:44

"Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz". Txillardegiren esaldi ezagun hori abiapuntu hartuta, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragiletik bi mahai-inguru antolatu genituen orain bizpahiru hilabete, Donostian. Euskara eta Euskal Herri burujabea erdigunean jarri eta, era berean, Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua eta burujabetzarena elkar nola elika daitezkeen gogoetatzea izan zen mahai-inguruon xedea.

Solasaldian aipatu modura, EHEtik argi dugu bi prozesuak elkar lotuta daudela eta batak bestea elikatzeko baliabideak eman diezazkiguketela. Bada, euskara da euskaldunak batzen gaituen elementu nagusietako bat eta burujabetza lortzeko prozesua arrakastatsua izan dadin, nahitaezkoa izango da komunitate zabal baten babesa; hain justu, komunitate hori sortzen eta sendotzen lagunduko digu euskarak. Alderantziz, independentzia euskara eta euskaldunak ahalduntzeko oinarrizko erreminta izango da. Soilik, horrela lortuko baitugu hizkuntza politika burujabeak garatzea eta horrenbestez, euskararen normalizazioan urrats erabakigarriak ematea.

Egungo mundua nazio-estatu subjektuen baitan egituratzen denez gero, euskararen biziraupena bermatzeko baldintzetako bat estatu propioa izatea izango da. Ez da baldintza bakarra izango; bai, ordea, nahitaezkoa. Oldarraldi judizialarekin garaiotan ikusten ari garenez, espainiar eta frantziar estatuen menpe, euskararen normalizaziora iristea ez dugu, gaur gaurkoz, posible ikusten. Epai edo eraso horiekin, gainera, behin eta berriz ari zaizkigu euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen eta hori, giza eskubideen urraketa bat da. Hori dela eta, datorren azaroaren 4an, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

Euskara hizkuntza gutxitu bat den heinean, baliabide guztiak beharko ditu biziraun ahal izateko. Kontzientziaziotik asko lortu dezakegu, baina norbanakoon esku ez dauden eremuetatik ere eragin egin behar da. Arrakalak sortu eta horietatik etorkizun berri bat eraikitzen saiatuko gara, eta hori guztia errazagoa izango da indarrak batuta egitea.