Andra Mari ikastolak aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen hasi aurretik helburu batzuk finkatu zituen. Alde batetik, ikastolaren proiektua herrikoia, kooperatiboa eta auzolanean eginikoa zela aldarrikatzea. Bestetik, kalitatezko hezkuntza proiektu eraldatzailearen aldeko apustua egitea. Horiekin batera, aniztasun mota guztiei ateak irekitzen dizkion hezkuntza proiektua dela azaltzea. Eta, azkenik, euskararen arnasguneetan dauden ikastolak euskararen zirikatzaile izateko beharra.
Ikastolako zuzendari pedagogiko Iñigo Orella Altzuetak azaldu zuenez, azken helburu horri erantzunez, Nafarroa Oinezen kantak “euskararen ofizialtasunaren eskaera Nafarroa osorako” egiten du. Hala, abestiaren izena “Nafarroa osoan bai!” da. Orellak aurkezpenean esan zuenez, Nafarroa osoan bai! “kantaren letran ageri den ‘bai’ eta ‘ez’ jokoarekin, Nafarroaren zonifikazioa eta banaketa salatu nahi dira”.
Musika Joseba Tapiak egin du eta letra Maddalen Arzallusek. Hari ahotsa Olaia Inziartek, Nerea Erbitik, Maider Ansak, Leire Letuk eta Kristina Aranzabek jarri diote. Haietaz aparte, honako musikariek parte hartu dute: Jon Celestino (tronpeta); Amets Aznarez, Eneko Urrestarazu eta Arkaitz Nagore (tronboia); Ibon Irixoa (saxoa); Iker Uriarte (bateria), Xanti Etxeberria (baxua), eta perkusio eta soinu teknikari eta nahasketa lanetan Estudio Bat!eko Peio Skalari.
Bideoklipa, Aguraingo Dronetikan Airworks-ek egin du. Irudi dinamikoz osatua, Sakanako inguruneek protagonismo berezia hartzen dute bideo osoan zehar: oso presente daude Arakil ibaia, baita Urbasa, Andia, Beriain eta Aralar mendiak ere. Ikastola Etxarrin kokatzen den arren, ikastetxera inguruetako herrietako haurrak hurbiltzen direnez, bideoa herri horietako batzuetan ere grabatu da: Arbizun, Arruazun, Lizarragabengoan… Zonifikazioaren salaketa, Iker Uribe margolari eta ilustratzaile lakuntzarrak eginiko Nafarroako maparen marrazki baten bitartez adierazten da.