Koskobiloko arkeologia aztarnategian 2020an hasi ziren arkeologoak lanean. Aurtengoa laugarren kanpaina dute han. Kobazuloa hitz egiten hasi da, agertu dira kastorearen matrail hezurra, azeri baten kaskezurra, landutako harriak eta beste. Aztarna gehiago opatu eta ikerketan sakontzeko asmoz bueltatuko dira arkeologoak aurten ere.
Koba, kasik, etxe bihurtuko zitzaizun, ezta?
Bai. Azkenean, koltxoia ekarri eta hemen lotan geldituko naiz.
Indusketa kanpaina berria prestatzen ari zarete?
Hori da. Azkenengo ukituak ematen ari gara eta heldu den hilabetean hemen egonen gara berriro, urtero bezala.
Orain arte ahuntzen moduan iritsi zarete kobara, xenda txar batetik gora. Aurten aldaketa egin dute ibilbidearekin.
Aurten luxua izango da hona igotzea. Euria egiten zuenean-eta pixka bat arriskutsua jartzen zen; ez baldin bazuen euria egiten, beno, kontu handiarekin ongi igo zitekeen, baina euriarekin ezin ginen igo, ezinezkoa zen. Aurten oso ongi, toldoa eta guzti jarri digute.
Eta kobazuloaren parean 10 m2 dituen plataforma bat.
Industen gauden bitartean jendea etorri ahal izateko. Guretako baita, erosotasun pixka bat izateko, zeren lekua ez da batere erosoa.
Aurtengoa laugarren indusketa kanpaina.
Hori da. 2020an hasi ginen, pandemiaren urtean hain justu, talde txikitxo batekin; burbuila talde batekin. Eta pixkanaka.
Zenbat jende etorriko zarete lanera?
Egia esan, ez asko, lekua txikia baita. Sei, gehienez zazpiko taldea izanen da. Ez oso handia, ez.
Zuk parte hartuko duzu?
Dani Ruiz Gonzalez burua izanen da eta ni laguntzen egongo naiz.
Garila guztia emango duzue? Edo gehiago?
3tik 23ra, 3 aste izango dira.
Lantokian kuxkurtuta lan egin behar oraindik ere.
Bai. Gainera, barrura sartzen baldin bagara gehiago, oraindik lurrez tapatuta baitago. Lur pila bat dauka, baina, beno, jada lekua eroso jartzen ari da. Nire altuerarekin, ni ia-ia zutik sartzen naiz, beraz, luxua da.
Koban barrurantz eta beherantz egin duzue. Koloretako txintxetak ikusten dira, estratuak.
Industen goazen bitartean estratigrafia deitzen duguna jarraitzen dugu. Hostopil tarta baten modukoa da; kapaka lurra segmentatu egiten da eta guk hori jarraitzen dugu. Horren arabera 1. maila, 2. maila, 3 maila... Argazkitarako eta marrazkiak egiteko erosoa egiten zaigu markatzen joatea txintxetekin. Txintxeta kolore bakoitza maila desberdin bat da. Horrela oso bisuala da. Eta bisitan etortzen den jendearendako baita. Esaten diezu: “hauek bi maila desberdin dira”, eta beraiek ez dute ikusten, normala da. Hasieran nik ere ez nuen ikusten. Beraiendako ere erosoa da, horrela argi ikusten dute, bisualizatzen dute.
Opatu dituzuen aztarnek zer diote? Zein garaitan zaudete?
Arkeologia materialek esaten digute orain dela 6.000 urteko mailan gaudela, lehenengo nekazari abeltzainekin. Baina behean, kobazulotik pixka bat barrurago, pixka bat gehiago jaitsi dugu eta ematen du maila zaharragoa badela. Baina oraindik ez gara iritsi, hortxe gaude.
Zuena pazientzia lana da eta iritsiko da, ezta?
Bai, hori da. Aurten ez dakit, baina hemendik pare bat urtera edo hirura iritsiko gara.
Zer aztarna agertu dira?
Topatu ditugu zeramika zatiak. Fauna baita, baina ez gehiegi. Eta giza hezurrak. Lekuak esaten digu ehorzketa egiten zutela, ez zutela errausketarik egiten. Garai horretan nahiko ohikoa da kobazuloetan ehorzketak topatzea, trikuharri eta kobazuloetan, bai.
Duela 6.000 urteko olaztiarrak, nekazariak, abeltzainak zirenak, hemen ehorzten zituzten.
Bai, hori da.
Suharriak ere opatu dituzue, ezta?
Bai, Urbasan suharri aztarnategi oso garrantzitsua dago. Eta, logikoki, hemen opatzen ditugu. Beharbada %99 Urbasako suharria da. Baina hemendik kanpo ere topatu da, hainbat tokitan. Lehenengo nekazari abeltzain haiek ez diote bat-batean suharria erabiltzeari uzten, oraindik ez zuten metala erabiltzen. Ehizatzeko-eta beharrezkoa zuten, nahiz eta zeramika eta agertzen joan, eta beste material batzuk erabiltzen zituzten. Suharria oraindik ez zuten alde batera utzi.
Koban lanean egonen zarete. Baina Koskobilo aztarnategiak eremu zabala hartzen du. Badaude Koskobilo II, Koskobilo III, Koskobilo IV... Inguruan ariko zarete lanean?
Printzipioz, ez. Aurten, bakarrik kobazuloan. Batzuetan ematen dugu buelta bat hemendik goitik eta gainazalean-eta dauden materialak jasotzen ditugu. Baina, printzipioz, hemen bakarrik egongo gara.
Hala ere, etortzen zaren bakoitzean, bide hasieran eskuinera begiratuko duzue zer araztegiko lanekin zer gertatzen den ikusteko?
Momentuz, ongi. Hau da, dena ongi erregistratu eta ongi jaso zen. Adi egonen gara, bi tokietan egongo baikara.
Zenbat urteko jarduna duzue hemen?
Asko, asko, asko. Pixkanaka goaz. Ez dakigu kobak zenbateko sakonera izan dezakeen, beharbada bost metroko sakonera dauka, bi edo hamabost. Beraz, pixkanaka-pixkanaka eta hamar urte erraz. Aztarnategiak esango du zenbaterako daukagun hemen.
Aztarnak hemendik aterata, zer ibilbidea egiten dute?
Agertzen denean, pixkanaka ateratzen hasten gara. Erreminta finarekin aritzen gara, labanak, edo hobe egurrezko makilatxoak, materiala ez hondatzeko. Ondoren erregistratu egiten dugu. Bere zenbakia ematen diogu. Bere tokia zehazten diogu GPS moduko batekin. Jaso eta laborategira. Laborategiko lana da garbitzea eta sigla bat ematea, nortasun agiri moduko bat da. Sigla bakoitzak bere izen eta zenbaki propioa dauka. Horrela, erraz bilatu dezakezu datu basean. Ondoren, inbentarioa. Azkenik, Nafarroako Gobernuko arkeologia deposituan uzten da, eta ikerketa hasten da.
Beraz, hemen egon ondoren, etxeko lanak.
Jende guztiak pentsatzen du arkeologia dela menditik ibiltzea eta egunero industen egotea. Baina %80a laborategiko lana da. Lau aste egoten gara, normalean udan, zeren neguan euriagatik-eta ezin da industerik egin. Laborategi lana eta ikerketa urtean zehar egiten dugu.
Aranzadi zientzia elkartekoak elkarlanean aritzen zarete?
Batzuetan Aranzadiko topografoa daukagu. Geologoak ere bai. Burgosko Unibertsitateko geologoak ere etortzen dira. Azkenean, kobazulo bat da, geologia da, beharrezkoa da. Eta Euskal Herriko Unibertsitateko doktore eta doktoregai batzuk ere bai. Ikerketan elkarlana beti-beti.
Hemen opatutako aztarnak noizbait jendaurrean ikusiko dira?
Ez dakit, egia esan. Azkenean, aztarnategi pila dira, pieza pila bat dira eta museoa museo bat da, txikia da eta ez dago lekurik. Ezin da dena erakutsi. Pena da, baina ezin da. Aukeraketa egiten da. Eta, nik uste, Nafarroako Museoan badaudela Koskobiloko pieza batzuk ikusgai jarrita. Baietz esango nuke. Nik gomendatzen dut beti bisita bat egitea eta Nafarroan zer daukagun ikustea.
Arkeologoen garai gorena da uda. Batetik bestera ibiliko zara?
Bai. Hemen egongo naiz garilaren 3tik 23ra, baina aste honetan Irulegin hasi gara. Ondoren, ona etorriko naiz, atzera ere Irulegira bueltatzeko. Beraz, uda osoa batetik bestera. Nik gomendatzen diot jende guztiari Koskobilora bisitan etortzea. Orain oso ongi dago igotzeko, gonbidatuta daude.