Mende erdia bete du Lacunza Kalor Groupek eta 50. urteurrenerako Gure etxean, gure familian, gure historian... betidanik gurekin leloa aukeratu du. Behar bezala ospatzeko ekitaldia antolatu zuen larunbatean. Lakuntzako lantegiko ateak zabaldu zituen langileen senide eta langile ohiek ekoizpen prozesua nola egiten den bertatik bertara ikus zezaten. Jose Julian Garziandia Pellejerok aitortu zuen "egun berezia" zela Lacunzarendako.
Gaur egun zer ekoizten duzue?
Hasi ginenean sukaldeak egiten genituen bakarrik. Ondoren, aspaldi, estufa eta tximinia batzuk egiten hasi ginen. Gaur egun hiru produktuak ditugu: sukaldeak, estufak eta tximiniak. Gero eta estufa gehiago ekoizten ari gara. Tximinien ekoizpena ere igo da eta sukaldeetan mantentzen ari da.
Ongi pentsatutako produktuak.
Hasieratik, estrategia hausnarketarekin enpresaren norabidea zehazten dugu. Hiru urtero-edo halako estrategia hausnarketa egiten dugu. Duela 12 urte, gutxi gorabehera, ere egin genuen. Momentu hartan pellet estufen boomaren garaia zen. Egurra erabiltzen zuten tximiniak egiten zituzten Europako enpresa guztiak hasi ziren pellet estufak egiten. Italia iparraldera joan nintzen. Han pellet estufak fabrikatzeko osagai guztiak ekoizten dituzte hamar edo hamabi enpresek. Nahi duzun estufa mota egiteko beharrezkoak diren pieza guztiak saltzen dizkizute. Ikusi genuen pellet estufa edozeinek egin zezakeen gauza erraza zela. Zuk ez duzu praktikoki teknologia ekarpenik egin behar. Beraiek esaten dizkizuten osagaiak erosi eta muntatzea da. Estrategia hausnarketa egitean pentsatu genuen hobe zela pelletaren munduan ez sartzea. Aldi berean, pentsatu genuen Europan egurra erabiltzen duten estufa egile onenak izatea.
Hori gauzatzeko, zer egin zenuten?
Katalogo eder bat egin genuen. Estufak non saldu behar genituen ere zehaztu beharra zegoen. Zeren orduan ekoizpenaren %80a Espainian saltzen genuen, gainontzekoa esportatu. Italia, Frantzia eta Portugal begiz jo genituen, produktu asko saltzen delako eta ondoan daudelako. Hurrengo helburua mundu guztian saltzera pasatzea zen.
Pentsatu eta egin?
Diseinu berria, ederra eta teknologia asko zuten produktu batzuk ekoizten hasi ginen. Guretako, batez ere, gauzarik garrantzitsuena zen Europako eta munduko araudi zorrotzenak betetzea; araudi onetan oinarritutako produktuak egitea. Hori guztian ingurumenean, kutsaduran eta abarretan pentsatuz. Lehendabiziko urteak oso gogorrak izan ziren. Gure produktuak Espainiako ekoizleenak baino garestiagoak ziren eta Espainian ez ziguten erosten. Europan ez zuten erosten produktu "espainiarra" zelako. Frantzian eta Italian hemen baino askoz tximinia kultura handiagoa dute eta jatorriaren aurreiritziagatik ez zuten erosten. Urte gogorrak pasa arren, gure bideak hura izan behar zuela pentsatu genuen. Politika horrekin segitu genuen. Urteak pasa dira eta bi gauza ikusgarri pasa zaizkigu.
Zer?
Konpetentziak esaten duenez, Espainian Lacunzak du produktu onena. Espainian, sektore honetan, lehen baino askoz ere kultura gehiago dago orain. Jendea produktu eta marka onak opatzen ari da, eta Espainian askoz ere gehiago saltzen hasi gara. Eta Europan, pitteka-pitteka, gure produktuak probatzen hasi ziren eta ikusi dute produktu oso ona daukagula, araudi guztiak betetzen dituela. Europan oso-oso ongi saltzen hasi gara, kalitate eta prezio erlazioa oso ona dugulako. Sektore honetan, munduan, ospe ona lortu dugu. Momentu honetan leku askotan saltzen ari gara: Uruguay, Hego Afrika, Israel, Libano, Australia, Zelanda Berria, Europa guztian... Orain Suedia, Norvegia eta Finlandian saltzeko akordio oso ona egin dugu. 35 herrialdeetan baino gehiagotan saltzen dugu produktua. Ekoizpenaren %60 esportatzen dugu. Azken urteetan asko ari gara handitzen. Momentu honetan lan asko dugu.
Aztatu zenuten!
Bai. Egia da ere azken urteetan hiru gauza oso garrantzitsu pasa zaizkigula. Alde batetik, gauzak ongi egin ditugu. Bestetik, pandemia. Jendea etxean gelditu zen, dirua gastatu gabe. Gainera, etxea hobetu nahi zuten. Bada, Europa guztian askoz ere gehiago saldu dugu. Azkenik, energia krisia. Horrekin oso garbi ikusi da pelleta egiteko energia asko gastatu behar dela: zuhaitzak moztu, zerrautsa egin, prentsatu... Ondorioz, energiagatik pelletaren prezioak asko igo dira. Bitartean egurraren prezioa igo bada ere, oso gutxi igo da. Ikusi da egurra pelleta baino askoz merkeagoa den energia bat dela. Pelleta asko jaitsi da eta egurra erabiltzen duten produktuen salmenta asko igo da.
Inbertsioa eskatzen du horrek guztiak?
Urtero ari gara inbertsioak egiten, produktu berriak ateratzeko. Ekoizten ditugun produktu berriak oso onak dira, bai diseinu aldetik, bai araudia betetzen dutelako.
Ikerketa eta garapena funtsezkoak, ezta?
Jakina. Gaur egun 2022-2025 urteetarako sei milioi euroko inbertsio plana daukagu mahai gainean. Makineriara, instalazioetara eta Ikerketa eta Garapenera bideratuko dugu diru hori. Laborategirako analizatzaile bat (90.000 euro) eskatu genuen joan zen astean, horrela laborategia erabat osatuta izanen dugu. Harekin egiten diren proben bidez kalera botatzen diren partikulak (CO2, CO eta beste) neurtuko ditugu. Tolesteko bi makina gehiago eta txapa laser bidez mozteko azken belaunaldiko makina erosi behar ditugu. Inbertsio oso inportanteak dira. Produktuetan inbertitzeko Ikerketa eta Garapenean dena emateko asmoa dugu.
Zer alde dago etxe batean betidanik dagoen tximinia baten eta zuen azken modeloaren artean?
Esaten dutenez, irekiak diren hiru milioi tximinia daude Espainian, gaur egun araudia betetzen ez dutenak. Espainian azken urteetan edozein gauza saldu da eta, horregatik, hiru milioi. Aterik ez duten tximinia irekien errendimendua, gutxi gorabehera, %20koa da. Guk egiten ditugunen errendimendua %80tik gorakoa da. Duela bost edo hamar urte ezinezkoa zen halako datuak zituzten produktuak lortzea. Gaur egun datu horiek hobetzeko probak egiten ari gara. Ezagutzen ez diren teknologia berri batzuk aplikatzen ari gara, eta datu politak ateratzen ari gara. Errendimendu aldetik hori. Bestetik, kutsaduraren gaia dago. Irekiak diren tximinien kutsadura proportzioa oso handia da. Kutsadura maila altuena eta txikiena zehazten duen araudia dago. Gaur egun guk araudiak exijitzen dituztenak baino datu hobeak dituzten produktuak egiten ari gara. Gainera, ekoizten ditugun produktu gehienek aginte bakarra dute. Beraz, aginte bakarrarekin tximiniaren tiro nagusia, bigarren mailako tiroa eta errekuntza prozesua kontrolatzen da. Espainian ez du inork gehiagok hori egiten.
Beste abantailaren bat?
Momentu honetan egiten ari garen produktu gehienak estankoak dira. Passive house moduko etxeetan jartzeko moduko produktuak ditugu. Gainera, haizea kanpotik hartzen duten produktu asko ditugu. Irekitako tximiniek sua egiteko beharrezko oxigenoa gelatik bertatik hartzen dute. Bero dagoen airea tximiniara sartzen ari gara kanpora botatzeko. Kanpotik haizea hotza hartzea hobe da. Sistema horrekin kaleko haize hotza su ondora eramaten duzu, oxigeno hori erretzen duzu eta kalera botatzen duzu. Beraz, teknologia hori guztia duen tximinia batek ez du zerikusirik beste edozeinekin. Erreketa sistema horrekin kristalak askoz ere gutxiago zikintzen dira, edo batez ere. Sua oso polita ikusten da, erreketa suabea da. Askoz egur gutxiago gastatzen da. Gauza asko dira, eta gure produktuak momentu honetan puntako teknologia du.
Tximiniak berogailu sarera lotzeko eta etxea berotzeko aukera ere izanen da, ezta?
Bai sukaldeekin bai tximiniekin.
Bitrozeramika duten sukaldeak ere badaude katalogoan.
Bai, aspaldi. Egurrarekin berotzen duten sukalde normalek leundutako burnizko gaina dute, arandelekin. Horrela edo bitrozeramikarekin ere egiten ditugu. Azken horren abantaila da trapu batekin oso erraz garbitzen dela. Fundizioko gaina dutenak, berriz, asko zikintzen dira, udan ez erabiltzean herdoildu egiten dira. Aspaldi bitrozeramikarekin probatu genuen. Burnizko gainaren gainean bitrozeramika dago, baina egurrarekin berotzen duzu.
Inflazioak eta gerra testuinguruak nola eragin dizue?
Ziurgabetasun handia dugu momentu honetan. Inflazioa gora doa. Soldatak ez dira prezioak bezala igo. Hori ez da ona. Langileek dirua jasotzen ez badute enpresarendako eta denondako txarra da. Garbi dago. Ez dakigu zer pasako den hurrengo urtean. Bestetik, pentsatzen dugu egurra erabiltzen duen estufa eta tximinien gure sektoreak hobe pasako dugula etorri daitekeen krisia. Gerrarekin eta energia krisiarekin jendeak bildur handia du. Pentsatzen dugu mundu guztiak, badaezpada zerbait etortzen den, etxean egurrezko aparailuren bat jarriko duela. Bestetik, mundu guztian saltzen ari garenez, Europan beste eremuetan baino gehiago jaisten bada, pentsatzen dugu Australian, Hego Afrikan edo beste lekuren batean salduko dugula. Egoerak beste buelta bat ematen badu lehen baino lehen ateratzeko abiapuntu ona dugula pentsatzen dugu.
Aurtengo zer aurreikuspen dituzue?
40.193 aparailu ekoitzi nahi ditugu, 19.358 Altsasuko lantegian eta 20.835 Lakuntzakoan. Hau da, 182 aparailu egunean. Duela zazpi edo zortzi urte 10.000 ekoizten genituen. Erronka zaila da, asko hazten ari gara. Dugun lantaldeari esker ongi egiten ari gara. Sukaldeak, estufak eta tximiniak egiteko 3.000 tona altzairu txapa erabiliko ditugu. Helburuak lortzeak eragotzi diezagukeen gauza bakarra da lehengaien hornidurak kale egitea. Gu eta mundu guztia arazoak izaten ari gara. Hornidurak kale egiten ez badu, erronka lortzeko beharrezko giza, teknika eta ekoizpen baliabideak ditugu. Hazten eta eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzen segitzea da gure helburua.
Lan Sozietate Anonimoa izateak zer eman dizue?
Lacunzan 124 langile gaude lan egiten. Baina pixka bat berezia da Lan Sozietate Anonimoa, gure familiak proportzio handi bat duelako eta gainontzekoa bazkide diren enpresako 52 edo 53 langilerena da. Niretako Lan Sozietate Anonimoarena oso planteamendu ona da. Alde batetik, jendea inplikatuago dago; bazkideak direnez, beste pentsamolde bat dute. Denak ez dira bazkideak, baina besteengandik pixka bat "kutsatzen" dira. Lacunzarendako oso ona izan dela pentsatzen dut. Enpresak aurrera hobe ateratzeko formula berezia da. 1997tik gara eta esperientzia oso ona izan da.
Lacunza Kalor Groupen historia, labur
1930 Aretxabaletako Cerrajera San Antonio Lakuntzan ezarri zen. Besteak beste Sacsa markako sukaldeak egiten zituen, egurrarekin berotzen zirenak. 200 langile izatera iritsi zen, haietako asko emakumezkoak.
1964-06-24 Tot Garais enpresa sortu zuten Julian Ganboak, Jose Bigasek eta Francisco, Felix, Mariano, Segundo eta Jose Mari Garziandiak.
1967 Cerrajera San Antonio itxi zen.
1971-11-10 Kontratu pribatua sinatu zuten. Tot Garaisek fundizioa zuen eta erabaki zuen egurra erabiltzen zuten sukaldeak egiten jarraitzea.
1973-06-26 Cocinas Lacunza enpresa sortzeko agiria sinatu zuten. Benigno Andueza, Jose Burillo, Julian Ganboa, Jesus Ronzon eta Francisco, Felix, Mariano, Segundo eta Jose Mari Garziandia ziren sustatzaileak. Txurikoren bajeran sukalde txuriak egiten hasi ziren. Han lan egiten zuten Patxi Garziandiak, Andres Garziandiak eta Isidro eta Miguel Angel Asurabarrenak. Eta Beningo Anduezaren bajeran sukalde beltzak egiten zituzten Juanito Arregik, Julian Arregik, Miguel Asurabarrenak, Miguel Lacunzak, Alejandro Razkinek eta Santiago Arregik.
1989 Lakuntzan industriarako zorurik ez zegoenez, eta, besteak beste, hazi nahi zutenez, Altsasuko lantegia zabaldu zuten, 6.000 m2 inguruko azalera du.
1997 Enpresa Lan Sozietate Anonimo bilakatu zen.
2011 3,5 milioi euroko inbertsioa eginda, Lakuntzan lantegia, bulegoak eta kanpa egin zituen 5.800 m2-an. Biomasako bi galdarek elikatzen duten zoru bero-emaile bidezko berokuntza sistema du. Izena ere aldatu zuen: Lacunza, Calor de Vidatik Lacunza Kalor Groupera pasa ziren.
2011 Garai hartan egindako estrategia hausnarketan egurrezko aparailuen sektorean aritzea erabaki zuten.
2022 Lakuntza eta Altsasuko lantegietan eguzki plakak jarri zituzten.