Urtero lez udaro kanta bat gailentzen da besteetatik, kanta batek besteek baino pelmada handiagoa ematen du taberna eta herriko festetan. Urtero kanta bati tokatzen zaio zorte hori izatea, mundu guztiak kantatu eta hilabete gutxitara aspertu eta gorrotatzea.
Euskal Herria nolabaiteko oasi bat izan zen gai horri dagokionez. Rock musika gailentzen zen tabernetan, egoera soziopolitikoak beste alde batera bideratzen zituen gazteen gustuak.
Baina oasia zena jada ikusgaitz dugu gaur egungo panorama globalizatu honekin; homogeneizatu ditugu munduko musikak. Azken batean, bizitza homogeneizatu dugun moduan.
Reggaetoi kanta latzen kolpeek tabernetako paretak kolpatzen dituztelarik.
Estatuko soinuek Euskal Herrian aginte makila hartu dutelarik. Iazko udako euskal kanta, kanon horietatik atera zen hein batean, Zetak taldearen kantak eta Malakiasen mixek gainerako kantei guda irabazi baitzieten, txaranga eta elektroek kanta horren doinuak hamaika herritan joz.
Beraz, aurtengo udako kanta ikusteko dago, zein izango ote da parranda guztietan behin eta berriro jarriko dutena? Akaso reggaetoi hotsek ez digute haratago ikusten utziko?
Argi dago, urtero bezala, irratiek reggaetoi doinuak jarriko dituztela, jada bonbo handia izan arren, kantei bonbo handiagoa ematen. Baina, akaso, Euskal Herrian beste bat gailenduko da? Hori pentsatzerakoan talde batzuk bururatzen zaizkit. Iaz bezala Malakias izan daiteke, edo akaso freskotasun handia duten taldeak, hainbat aipa nitzake, baina nork daki asmatu dezakedan.