Espainiako Gorteetarako hauteskundeak garilaren 23an izanen dira. Hautaketa prozesua behar bezala egiteko hauteslekuetako mahaietako presidente bana eta bi bokal aukeratu behar dira. Udal guztiek hilaren 22tik 28ra artean dute epea. Hautatuak diren herritarrek gutun bidez jasoko dute horren berri. Gutuna zozketa egin eta hiru egunera jasoko dute. Postariak edo polizia agente batek eman dezake jakinarazpena. Etxean ez dagoenari abisu bat utziko diote, Correosera gutuna jasotzera joateko. Aipatutako gutunean, hauteskunde mahaian bete beharreko eginkizunari buruzko informazioa eta zer egin behar duen jakiteko jarraibideak zehazten dira.
Hauteskunde mahaian egotea tokatzen zaienek alegazioak eta eragozpenak aurkez ditzakete Iruñeko Hauteskunde Batzordean. Jakinarazpen gutuna jasotzen denetik herritarrek alegazioa aurkezteko zazpi egun dituzte. Alegazioak edo erreklamazioak aurkeztu eta bost egunera jasoko du ebazpena. Garilaren 23an hauteskunde mahai batean daudenek 70 euro jasoko dituzte gutxienez.
Posta bidezko botoa
Hautetsontzian boto papera zuzenean sartu gabe ere botoa emateko modua badago, posta bidez. Baina horretarako eskaera egin behar da eta epea garilaren 13an despedituko da. Eskabide orria Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioaren webgunean eskura daiteke (https://labur.eus/ceLWO). Hura bete ondoren Correosen aurkezteko bi bide daude, telematikoki (https://labur.eus/9vrXu) edo haren bulegoren batean. Internet bidezko eskaera egiteko nortasun agiri elektronikoa edo indarrean dagoen ziurtagiri digitala beharko dira. Bulegora joanez gero, berriz, nortasun agiria eraman beharko da. Correosetik bulegoetan jende pilaketak eragozteko telematikoki eskatzea gomendatu dute.
Eskaera egin eta egun batzuk geroago, garilaren 3tik aurrera, posta bidezko boto eskatzaileak gutun bat jasoko du etxean. Haren barruan alderdi politiko bakoitzaren boto txartelak, erroldako inskripzio ziurtagiria eta botoa ematea dagokion hauteskunde mahaiko datuak egonen dira. Boto txartela aukeratu eta dagokion gutun azalean sartuta, hura itxi egin eta hauteskunde mahaiari zuzendutako beste gutun azalean sartu beharko du, erroldako inskripzio ziurtagiriarekin batera. Posta bidezko botoa emateko epea garilaren 20an despedituko da. Botoa bidali ondoren, garilaren 23an ezin da aurrez aurreko botorik eman.
Bestetik, Hautesle Erroldaren Bulegoak beste herrialdeetan bizi diren herritarrei ofizioz bidaltzen die beharrezko dokumentazioa, eta lehen aldiz txartelak ere telematikoki eskuratu ahal izango dituzue. Posta ziurtatuaren bidez bozkatzen badute, atzerriko egoiliarrak dagokion boto txartela sartu behar du bozkatzeko gutun azalean, eta, hori, beste gutun azal batean sartu, Probintziako Hauteskunde Batzordeari zuzenduta. Bertan, erroldako inskripzio ziurtagiria, pasaportearen edo nortasun agiriaren fotokopia bat edo nazionalitate ziurtagiria ere sartu behar dira, besteak beste. Bestetik, enbaxada, kontsulatu eta egokitutako beste zentroetan aurrez aurreko botoa emateko aukera izanen dute garilaren 20ra arte. Azkenik, aldi baterako atzerrian bizi direnek botoa ematea eskatzeko epea hilaren 29ra arte izanen dute.
Boto irisgarria
Pertsona itsuek edo ikusmen arazo larriak dituzten pertsonek braille idazkeran egindako dokumentazioa jasoko dute. Horretarako, 900 150 000 doako telefonora hots egin beharko dute hilaren 26 baino lehen. Eskaera egin duen pertsonen berri izanen dute hauteskunde mahaietako kideek garilaren 23an. Horrekin batera, boto irisgarria eskatu duen pertsonarendako kita edo maletatxoa jasoko du. Haren barruan botoa emateko beharrezko dokumentazio, gutun azal eta boto paper daude.