Zortzi herrirendako 2,4 milioiko dirulaguntza

Guaixe 2023ko eka. 29a, 13:00

Ziordiko herriko etxean igogailua jarriko dute. ARTXIBOA

Udalek eta kontzejuek beraien eraikinak edo azpiegiturak moldatu edo zaharberritzeko lanak egiteko dirua eman die Nafarroako Gobernuak. Kontzeju etxe, udaletxe, igerileku eta udal eraikinetan eginen dituzten lanak 2025 bitartean.

Nafarroako Gobernuak, azkenik, Toki Inbertsioen Planeko 5. eta azken finantzaketa lerroaren ebazpena publiko egin du. Haren bidez 63 toki erakundek gizarte, kirol, kultura edo erabilera anitzeko azpiegituretako obrak egiteko aukera izanen dute. Foru administrazioak deialdi horren bidez 6.258.338,59 euro banatu ditu, haietatik 2.423.639,71 euro (%38,73) Sakanako zortzi udalek eta kontzejuk jasoko dute. Dirua 2023 eta 2025 urteen artean jasoko dute toki erakundeek. 

Dirulaguntza jaso duen erakundeetako bat Izurdiaga Kontzejua da. Kontzeju etxeko beheko solairuan porlana zabaldu eta haren gainean baldosak jarriko dituzte. Gainera, pipiak jotako zutabeak ordezkatuko dituzte. Lan horretarako kontzejuak 37.205,06 euroko inbertsioa egitea aurreikusi du (kopuru guztiak BEZik gabekoak dira). Lanendako dirua aurten jasoko du.

Irurtzungo Udalak, berriz, igerilekuak bi fasetan berritu nahi ditu. Alde batetik, eraikina eta beheko igerilekua, eta, bestetik, goiko igerilekua, tamaina olinpikoa duena. Hura legedira egokitzeko sakonera murriztu, igerilekutik ateratzen den ura jasotzeko inguruan kanaltxo bat egin, hesiak egokitu eta bestelako lanak eginen dituzte. Aurrekontua 660.900,09 eurokoa da eta lanak aurten hasi eta heldu den urtean despedituko dituzte. 

Egiarretako Kontzejuak 41.469,53 euroko inbertsioa eginen du kontzeju etxean. Beheko solairuan elkartea dago, eta goikoan kontzejuaren egoitzaz aparte espazio bat dago. Hura etxebizitza gisa moldatu nahi du, alokatu ahal izateko. Dirua 2025ean jasoko du. Ekaiko Kontzejuak, berriz, bere egoitza eta elkartea hartzen dituen eraikineko teilatua konpondu nahi du, teiladurak itajurak baititu. Lanek 33.856,33 euroko aurrekontua dute eta gobernuaren finantzazioa aurten jasoko du.


Egiarretako kontzeju etxea. ARTXIBOA

Bestalde, Irañetako Udalak udaletxe zaharra zaharberritzeko proiektuak ere laguntza jaso du. Eraikina erabilera soziokulturalerako bideratzeko, udalak 176.108,46 euroko proiektua du esku artean. Lanak aurten hasi eta heldu den urtean despedituko dira. 

Uharte Arakilgo Udalak igerilekuen erreformarako dirulaguntza jaso du, legedira egokitu behar baitu. Igerileku putzu bakoitzak bere araztegia izan behar du. Haurren igerilekuko putzua moldatu beharko da, handitik ateratzen den ura jasotzeko inguru guztian kanaltxo bat egin beharko da, kanpoko hesia aldatu, irisgarritasuna hobetzeko dutxak egokitu eta beste. Proiektuak 200.000 euroko aurrekontua du, baina gobernuak 149.523,25 eurokoa onartu du. Udala ebazpena jaso eta aldearekin zer gertatu den aztertu zain dago. Asmoa da lanak heldu den urteko uda sasoiaren aurretik despeditzea. 

Altsasuko Udalak udaletxea egokitu eta handitzeko 1.104.522,67 euro proiektua du esku artean. Udalaren asmoa da ganboikoan dagoen artxiboa beheko solairura jaistea. Horretarako, udaletxearen atzeko partean propio eraikin bat eginen da. Etorkizunean udaletxea goraka handitzeko aukera izanen litzateke. Behin aldaketa hori eginda, udaletxearen banaketa aldatuko litzateke. Lanak 2025ean eginen dira.

Azkenik, Ziordiko Udalak udaletxean irisgarritasuna bermatzeko igogailua jarriko du. Horretarako, udal eraikinean obra handia egin beharko du. Lanek 220.054,32 euroko aurrekontua dute eta 2024 eta 2025 bitartean eginen dira. 

Erreserban
Gobernuak jakinarazi duenez, erreserba zerrendan beste 217 jarduketa daude. Onartutako inbertsioren bat egiten ez bada, dirua zerrendan daudenendako litzateke. Zerrenda horretan ibarreko 11 lan proiektu daude, guztien artean 1.278.715,39 euro egiten dutena. Arakilgo Udalak udaletxean hainbat lan egin nahi lituzke eta 59.265,22 euro aurreikusi ditu. Etxeberriko Kontzejuak frontoiaren inguratzaile termikoa hobetu nahi du 16.081,42 eurorekin. Egiarretakoak, berriz, frontoia estaltzeko lanen bigarren eta azken fasea egin nahi du. Pandemia iristean guztia asko garestitu zen eta kontzejuak bere kabuz lanak egitea ezinezkoa zen. Eskuin paretako egiturak jartzeko 49.255,52 euro aurreikusi du. Etxarrengo Kontzejuak frontoiaren iparraldean dauden hezetasunei konponbidea emateko 159.171,80 euroko proiektua prestatu zuen. Satrustegiko Kontzejuak, berriz, frontoia estaltzea du buruan eta 211.138,70 euroko aurrekontua du esku artean. Bestetik, Ihabarko Kontzejuak erabilera anitzeko eraikina hobetzeko 80.641,43 euro bideratu nahi ditu. 


Satrustegiko frontoia. ARTXIBOA

Udaletxea berritzean teilatua ez zen ikutu eta itajurak daude, horregatik konpondu nahi du Irañetako Udalak. Lanek 31.041,89 euro balio dute. Lakuntzako Udalaren asmoa da igerilekuko aldagelen eraikina eta aldamenekoak berritzea. Horretarako, 290.641,40 euro bideratu beharko ditu. Arbizuko Udalak, berriz, kiroldegiko igerilekuak araudira egokitzeko 134.748,68 euroko inbertsioa egin beharko duela aurreikusi du. Bakaikuko Udalak herriko etxearen teilatuaren erreforma egin eta eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko 126.922,94 euro bideratzea pentsatua zuen. Azkenik, Urdiaingo Udalak frontoiko teilatuaren erreforma egiteko 119.806,39 euro balio duten lanak aurreikusi ditu. 

Atzera botatakoak 
Nafarroako Gobernuak ibarreko lau udalek aurkeztutako dirulaguntza eskaerak atzera bota ditu hainbat arrazoirengatik. Irurtzungo Udalakren bost egitasmo daude atzera daudenen artean: eskolan biomasa galdara jartzea; musika eskolaren energia zaharberritzea eta irisgarritasunaren hobekuntza hobetzea; hilerrian egokitzapen lanak egitea; kultur gunea eraikitzea eta dotaziorako udal eraikin baten teilatuaren errehabilitazioa eta egokitzapena

Bestalde, Arruazuko Udala estalpea eta plazaren urbanizazioa egiteko dirulaguntzarik gabe gelditu da. Besteak beste Sakanako Mankomunitatearen, Tasubinsaren eta Anfasen egoitzak hartzen dituen Lakuntzako eraikina ibarreko hainbat udalena da. Haien izenean Lakuntzako Udalak teilatuaren egokitzapena egiteko eta bide batea amiantoa kentzeko dirulaguntza eskatu zuen, baina ez da onartua izan eskaera. Azkenik, Arbizuko Udalak eskola zaharrak zaharberritzeko eskaera egin zuen, baina udalak atzera egin zuen, beste finantzabideak lortu zituelako.