Hamalau kontzejutako ardurak hartu dituzte

Guaixe 2023ko eka. 29a, 09:03

Dorraoko kontzejuko kideak.

Maiatzaren 28an kontzejuak berritzeko hauteskundeak ere egin ziren. Prozesu horretatik sortutako erakunde berriak ekainaren 17an eratu ziren. Zuhatzuko Kontzejua udaberrian berritu ez denez, udazkeneko deialdian izanen du aukera.

Lege arrazoiengatik Aizkorbek kontzejuari utzi zionetik, Sakanan hamabost kontzeju daude: 11 Arakilen, 3 Ergoienan eta 1 Etxarri Aranatzen. Zuhatzuko Kontzejua ezik, gainontzeko guztiak berritu ziren azken hauteskunde prozesuan. 50 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan kontzeju irekia osatu eta presidentea aukeratu zuten. 50 eta 999 biztanle arteko herrietan, berriz, kontzejuko presidentea eta lau bokal aukeratu zituzten.

Aurreneko multzoan, 50 biztanle baino gutxiagoko lau kontzeju daude Sakanan. Urritzolan Fermin Mariñelarena Iraizozek segituko du presidente izaten legegintzaldi honetan. Patxi Huarte Garrok Ekaiko Kontzejuko buru izaten beste lau urte jarraituko du. Satrustegin aldatu egin da, Juan Pedro Amoztegi Zubillagaren ordez Jose Antonio Angulo Bachillerrek hartu du ardura. Azkenik, Teresa Goikoetxea Arregik bigarren legegintzaldia eginen du Lizarragabengoko Kontzejuko presidentea izaten. Berritzea falta den Zuhatzuko Kontzejua multzo honetan sartzen da. 

Bigarren multzoan, 50 eta 999 biztanle arteko hamar kontzeju daude ibarrean. Herritarrek zerrendako kideei botoa ematen die, baina boto gehien lortzen duenak ez du zergatik presidente izan. Hautagai guztien arteko elkarrizketen ondoren aukeratzen da presidentea. Izan ere, lanak, familia egoerak, kanpoan bizitzeak eta beste hainbat faktore kontuan izan behar dituzte kontzejuko presidentea aukeratzerakoan. 

Bada, Arakilen presidentea eta lau bokal aukeratu behar izaten dituzten zazpi kontzeju daude. Errotzen Begoña Omatos Soria da presidentea Javier Ortega Villaren ordez. Izurdiagan Oskia Larunbe Uhartek Luis Beraza Ameztegiri hartu dio lekukoa. Etxeberrin Javier Martija Etxarrik jarraitzen du ardurarekin. Egiarretan Julen Llorens Espadak Fermin Izkieta Arbillari lekukoa hartu dio. Etxarrenen Migel Angel Irurtia Sarioren ordez kontzejuko presidentea da Miguel Marcos Crespo. Hiriberri Arakilen Javier Arrieta Anizen eskutan jarraituko du kontzejuko ardurak. Ihabarren, berriz, Oskar Garzia Royok utzitako tokia Samuel Arraras Irañetak beteko du. 


Unanuko Kontzejuko hiru kide.

Multzo horretako gainontzeko hiru kontzejuak Ergoienakoak dira. Lizarragako Kontzejuaren presidentetzan ere aldaketa izan da, ardura Unai Navarro Aristorenaren eskutik Eneko Etxarri Amorinen eskuetara pasa da. Gauza bera gertatu da Dorraon ere, presidentea aldatu dela. Idoia Resano Igoaren ondorengoa Jon Razkin Razkin da. Eta, azkenik, Unanun ere kontzejuko arduren eskualdatzea izan da. Unanuko Kontzejuko buru berria Santiago Berastegi Lizarraga da.