Edo Jonas, edo Tadej; Edo Tadej edo Jonas. Bi izen horietatik harantzago ez dago ezer: basamortu latza. Tourra bi horietako norbaitek irabazten ez badu denboraldiko lasterketa oneneko historiako ezusteko potoloenetakoa izango da. Izan ere, hain dira nagusi Vingegaard eta Pogacar, lehiaketa partikular batean lehiatzen direla. Horraino, erraza da pronostikoa egitea, baina bietatik bat aukeratu behar izanez gero, noren alde egin beharko genuke?
Asmatzen duenak aberats. Biek 2023 ikusgarria osatu dute, eta elkarren aurka aritu diren proba bakarrean, Paris-Nizan, Pogacar-ek Vingegaard egurtu zuen. Orduan martxoa zen, ordea, eta orain uztaila. Pogacar, gainera, erori egin zen Liege-Bastogne-Liege proban, eta lehiaketa egunez behintzat justu samar iritsiko da Bilbora. Pogacar-en erasoa danimarkarrarena baino indartsuagoa dela esan genezake, lehen kolpean garaiezina. Erasoa luze mantendu behar denetan, ordea, bikingoak arriskutsua dela erakutsi du, Pogacarrek adina gatz edo gehiago duela, alegia, eta Tourreko mendate luzeetan irauteko gaitasuna erabakigarria izan daiteke.
Vingegaard-Pogacar demaz harago zer? Esandakoa. Gauza gutxi. INEOS-en blokea dugu, Egan Bernalek emango duen errendimenduaren zain, Groupamako Pinot eta Gauduren jarduna, Pinoten azken Tourrean. Bardet, Vlasov, eta agertuko diren izen berriek osatzen dute kiniela.
Bihurria baino, gaiztoa
Antolatzaileek igotzaileen aldeko apustu garbia egin dute. Nahi beste mendate eta gogortasun bilatuko dute grimpeur-ek; luzitzeko terreno gutxi erlojupekoan iaioak direnek
Euskal Herrian barrena bizikletan ibiltzen garenok gure aberri txikian tarte lau gutxi dagoelako aritzen gara demandan; ibilbiderik txikiena eginda ere ezinezkoa dela aldaparik ez igotzea. Tourreko ibilbidearen antolatzaileek ere antzeko zerbait pentsatu zuten Euskal Herrira bisitan etorri, gurean hirutik bi etapa bihurri prestatu, eta Tourrari ze itxura emango zioten hausnartzen hasi zirenean. Euskal Herriko muinoak broma bat izanen direlako tropelak Tourrean gainditu beharko dituen zailtasun orografikoekin alderatuta.
Asko direlako, eta zailak. Tourra ez da bihurria. Bihurria baino, gaizto bezala defini genezake, eta nekea ondo kudeatzen asmatu beharko dute oilarrek Eliseotako Zelaietako bakera iritsi aurretik. Pirinioak daude, Erdialdeko Mendigunea, Alpeak, eta Vosgeak. Sei etapek muturreko zailtasuna dute, eta beste hainbestek arriskutsu izan daitezkeenaren itxura. Sarri mendate ez hain handiek egiten baitute epaile lana.
Euskal Herriko lehen bi etapetan tentsioa izango da tropelean. Pikeko gainak, Bilboko helmugatik gertu, eta Jaizkibelek urduritasuna ekarriko dute oilarren eskortara. Baionako bukaeran ez hainbeste. Gauzak normal, esprintean erabakiko da Lapurdiko hiriburuko saioa. Laugarrena ere esprintean bukatuko da, eta konturatzerako, Tourra Pirinioetan sartuko da bete-betean: Paue-Laruntze etapa, Biarnoko bihotzean. Euskal Herrira bigarren sartze bat eginez, gainera, Biarnoko Landatik Zuberoako Montori herrian barrena.
30 kilometro pasatxo handik berriro Biarnora bueltatu arte, Soudet mendatea igaro baino hiru kilometro lehenago. Tarte horretan Montori, Atharratze, Liginaga-Astüe, Ligi-Atherei eta Santa Grazi herriak pasako ditu Grande Boucle-ak. Etapak mamia dauka, eta kontuz, mendiko lehena baita. Soudet Santazitik oso tentea eta luzea da, eta trabestu egin dakioke norbaiti. Aretara jaitsi, hirugarren mailako Ichere pikoa igo eta Pirinioetako malda ezagunenetakoa gainditu beharko dute: Marie-Blanque, bere alde gogorrenetik, Escot-etik. Azken lau kilometroak %10etiko gorako desnibela, eta 10 kilometroko jaitsiera azkarraren ostean, beste hamar Laruntzeraino. Quebrantahuesos martxa zikloturista egin dutenek ondo ezagutzen dute bidea.
Taktikoki zer egin, zer ez, buruko minak eragingo dizkie etapa horrek kirol zuzendariei, baina ez pentsa Pirinioetako bigarrena samurragoa denik. Mendatean bukatzen delako, Laruntzekoa ez bezala: Tarbes-Cauterets Cambasque. Izen horrekin, gure arbaso euskaldunak paraje horietan ibilitakoak direla ziur! Aspin, Tourmalet eta Cambasque mendateak eguneko menuan: errepide ezaguna noizbait Lac De Gaube dotorera joan bazarete, Vignemale ikusgarriaren magalean. Tarte handia dago Tourmalet gaina eta azken igoeraren artean, baina Cauterets-etik gora Cambasque bera oso gaiztoa da: 3.5 kilomero %10etik gorako desnibelarekin.
7. eta 8. etapak lauak dira, Bordelen eta Limoges-en bukatuko direnak. Limoges hiria Erdialdeko Mendiguneko sarbide izan ohi da normalean, eta aurten ere halatsu izango da. Lau etapa osatuko ditu han Tourrak, eta orografia bihurriari paraje haietan egin ohi duen salda gehitu behar zaio. Ez alferrik. Frantziako zartagina esaten diote Clermont-Ferrand hiri inguruari. Tentuz kudeatu beharreko etapak izaten dira, eta mendi ezagun edo zail-zailik eduki gabe ere Frantzia erdialdean.
Puy de Dome 35 urte geroago
Bigarren igandean Puy de Dome mitikoan bukatuko da etapa. 35 urte pasa dira etapa bat han bukatu zenetik, eta egun hara bertaratzea mugatua dago erabat. Errepidea itxita, eta tren kremailera antzeko bat, aukera bakarra. Edo oinez. Mendate bakarreko etapa dela, pena, baina Puy de Dome gaiztoa da oso. 13 kilometro da luze, eta %7.7ko batez besteko desnibela dauka. Azken lauak horma handia: %12a. Clermont-en atsedena hartu eta astearteko etapa ere bihurria, da, mila aldapa Vulcania eta Issoire artean. Antzekoa da osteguneko etapa ere: bost mendateko etapa, eta atsedenik ez, apenas, ibilbide guztian. Mendateak, hori bai, laburrak dira, eta nahiko etzanak.
Jura mendikatera etapa bakarrean egingo dute jauzi txirrindulariek. Eskualde hartan jokatuko den etapa bakarra Grand Colombier ezagunean bukatuko da, 17 kilometroko aldapatzarra, %7.1eko batez besteko maldarekin. Bigarren asteburua Alpeetan egingo dute bete-betean, bi etapa gogorrekin. Klasikoa, lehena, Morzine-Avoriaz eski estazioan bukatuko dena Joux-Plane ezaguna igo ostean, larunbatez. Bertan txirrindularitzako historiako pasadizo asko osatu dira, eta aurten ere erne, Joux-Plane xelebreak ohore egin baitiezaioke bere legendari. Etapa berean lehen mailako beste hiru mendate igoko dira, aurrez: Cou, Feu eta Ramaz. Igandekoa ere dardarka hasteko modukoa da, Mont-Blanc ederraren magalean. Lehen mailako Montmin, Croix Fry eta helmugako Saint-Gervais Mont Blanc bidean, eta azken horren atarian bigarren mailako koska zitala, Domancyn gora: Col des Amerands, 2.700 metro %11ko maldarekin.
Alpeak, erabakigarriak
Bigarren atseden eguna etorriko da gero, Saint-Gervais-en bertan. Merezitakoa, eta beharrezkoa, hirugarren asteko astearte eta asteazkeneko etapak erabakigarriak izan bide baitira. Asteartean Tour osoko erlojupeko bakarra jokatuko da, eta 22.4 kilometrokoa bakarrik. Passy eta Combloux arteko tartea, gainera, gorabeheratsua da, azken sei kilometroak gorantz baitira. Horietatik bi eta erdi %9.4ko maldarekin. Asteazkeneko etapa Giroko gogorrenetakoa izanen da: Saint-Gervais Mont-Blanc, Courchevel. 160 kilometrotan 70 maldan gora, eta desnibel metatua ia 5.000 metrokoa. Saisies, Cormet de Roselend bukaezina, Longefoy eta Col de la Loze mamutzarra 2.304 metrora.
28 kilometroko igoera bukaezina da Loze, eramangarria Meribel eski estazioraino. Kilometro pare bateko arnasa, eta azken 10 kilometroak exigenteak. Lehen erdia %7ko batez bestekoa, eta azken bost mila metroak %10etik gorako malkarra. Tarteka, gainera, %24ko hormatzarrak. Ez da goien bukatuko, Miguel Angel Lopezek irabazi zuenean bezala, Courchevel-en baizik. Sei kilometroko jaitsiera bihurria, eta azken 700 metroak eski estazio ezagun horretako helipuertoraino, %11ko batez besteko maldarekin. Diferentzia handiak egingo dira etapa honetan, gogorrena delako eta ziklisten hanka zuztarrak muga-mugan egongo direlako dagoeneko.
Bi etapa erraz etorriko dira ondoren, eta Parisera iritsi aurretik, azken bala, Vosgeak eskualdean. Arriskatzeko moduko profila dauka Belfort eta Le Markstein Fellering artekoak. Etapa urduria izateko osagai guztiak ditu: laburra, 133 kilometro baino ez, sei mendate bidean, 3.500 metroko desnibel metatua eta hauspoari buelta emateko aukerarik ez, apenas, txakalaldiren bat harrapatuz gero. Bigarren mailako hiru mendate, menuko lehen plater, Petit Ballon d’Alsace bigarren plater, 9.3 km. eta 8.1eko batez besteko pendiza. Postrea, Platzerwasel gaina, 7 kilometro %8.4ra, eta noski, tranpatxoarekin, Le Markstein arte 8 kilometro luze geratuko baitira oraindik, gorabeheratsuak denak.
Uztailaren 23an garaipena. Eliseoetako Zelaiak. Paris. Loria. Ohore bertaratu diren denei.
Igande bazkalostean Beterri gurutzatuko du Tourrak
Bilbotik abiatuko da 2023ko Tourra larunbatean. Eguerdia pasata abiatuko dira Guggenheim ingurutik, eta arratseko bostak pasara helmugaratu Bizkaiko hiriburuan. Bigarren etapa Gasteiztik, Arabako hiriburutik abiatuko da, eta Arabako Lautada zeharkatu ondoren Debagoienan sartuko da Kurtzeta mendatea eta Aramaion barrena. Handik Arrasate, Oñati, Udana, Aztiria eta Goierriko hegoaldea: Zerain, Segura, Beasain eta Ataun, ostera Larraitz igo eta Tolosaldean sartzeko Amezketa, Alegi eta Altzon barrena. Kilometro batzuk gehiago egingo ditu tropelak Tolosaldean, Anoetan gora Alkiza igo eta Asteasuko eremuetan sartu arte.
Beterrin sartu ostean, Zizurkil, Aduna (Irizar enpresako biribilgunea), Andoain eta Urnieta zeharkatuko dituzte ziklistek, 20 kilometro eskaseko buruan. Herri barnetik egingo du bidea tropelak denetan, autobideak saihestuz. Aintzat hartu behar da udako oporretako lehen asteburua dela uztailak 1 eta 2koa, eta irteera operazioa izango duela martxan Jaurlaritzak.
Aintzat hartu ziklistak pasako diren errepideak itxita egongo direla proba pasa baino lauzpabost ordu lehenago. Publizitate karabana ziklistak baino bi ordu lehenago pasako da ibilbide beretik.