Lanaldi eta erdiko pediatria zerbitzua izan beharko luke Altsasuko osasun eskualdeak. Hau da, Altsasuk, Olatzagutiak eta Ziordiak lanaldi osoan ariko den pediatra bat eta lanaldi erdian arituko den beste bat izan behar ditu. Baina, gaur egun, azken hori besterik ez dago lanean. Hala jakinarazi du guraso talde batek, hain zuzen ere, Altsasuko osasun eskualdean pediatria zerbitzua bermatzea eskatzeko otsailaren 24tik aurrera kontzentrazioak deitu zituenak.
Guraso taldeak jakinarazi duenez, "garagarrilaren hasieran pediatra bat lanaldi murriztuarekin lanean hasi zen. Baina, lanaldi osoa duen pediatrak baja bat bestearen atzetik kateatzen darama hilabetea osoa eta Osasun Departamentuak ez du ordezkorik bidali. Beraz, gaur egun lanaldi murriztua duen pediatra bakarra daukagu Altsasuko osasun eskualdean". Gurasoek jakinarazi dutenez, "lanaldi murriztua duen pediatra astean hiru egunez etortzen da beste biak Ultzaman lan egin behar dutelako, hau da, berak hala nahi izanda ere ezin izango luke egunero Altsasura etorri".
Kupoa
Osasun txartel kopuru jakin bat dagokie sendagile eta pediatrei, kupo bat dute. Guraso taldeak gaztigatu duenez, "lanaldi erdian dagoen pediatrak bere kupoan dauden umeak bakarrik artatzen ditu, 423 ume, gainontzekoak ez". Nabarmendu dutenez, "gure osasun eskualdean pediatraren kupoa, gutxi gorabehera, 800 ume ingurukoa da. Hau da, pediatra bakoitzak 800 ume inguru ditu artatzen ditu. Iruñerriko eskualde askotan, berriz, kupoa 600 ume ingurukoa da", jakinarazi dute. Azaldu dutenez, "beste urte batzuetan, udan zegoen pediatra gure eskualdeko kupo guztiko umeak artatzen egon da, lanaldi osoa eta lanaldi murriztua zuen pediatrarena. Orain gauden egoeran etortzen den pediatrak dagozkion 423 umeak bakarrik artatzen ditu", azpimarratu dute, aitortzearekin batera udan ume gaixo gutxiago daudela.
Bestetik, gogorarazi dute pediatra bakoitzarekin erizain bana ari dela. "Pediatrarik gabe egon garen denboraldi luzean lanaldi osoan zegoen erizainak umeen baheketa egiten zuen eta batera edo bestera bideratzen zituen". Gurasoek gaztigatu dutenez, gaur egun "erizain bat lanaldi osoan dago eta beste erizaina baja luze bat du eta Osasun Departamentuak ez du ordezkorik jarri".
Protesta bilkura eta departamentuaren iragarpen askoren ondoren apirilaren 11n pediatra bat etorri zen Altsasuko osasun eskualdera. Guraso taldeak azaldu duenez, "azken hilabetean pediatria zerbitzuaren gorabeherei adi erreparatu diegu eta, zerbitzuaren egokitze prozesuan zehar ez dugu ezer esan, arazoari irtenbidea ematen ari zitzaiolako pentsatzen genuelako. Baina, berriro ere egoera jasanezina dela salatzera gatoz".
Egonkortasun gabeko zerbitzua
Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia osatzen duten osasun eskualdean abendu akaberaz geroztik apirilaren 11ra arte ez zen pediatrarik egon. Egoera horren ondorioz, osasun etxera joaten zirenak pediatria zerbitzukoa ez zen erizain batek artatzen zituen. Horregatik, familia askok ez zuten bermatuta ikusten bermatuta ikusten haurrak zuenaren balorazio egokia, zerbait larria ote zen. Segurtasun falta sentitzen zuten. Ondorioz, Iruñeko San Martin anbulatoriora, edo larrialdietara, zuzenean jotzea erabaki zuten askok. Hori unean-uneko egoerei dagokienez, baina umeek urtero pasa beharreko prebentzio azterketak ere ez ziren egin. Kezka orokortuak gurasoak antolatzera eraman zituen. Eta, Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformarekin batera, hilabete eta erdiz, ostiralero, kontzentrazioak deitu zituzten.