Ibarreko industrialdeen erradiografia egin du SGAk

Guaixe 2023ko uzt. 6a, 13:20

Zazpi herrietako dozena bat industrialderen egoera aztertu du Sakanako Garapen Agentziak; "funtsezkoa da egoera onean egotea, industria eskualdeko ekonomia motorra baita". Jakinarazi duenez, ibarreko eta kanpoko eskaera dago, eta tokia dago

Industria guneen egoera eta etorkizunari buruzko jardunaldia antolatu zuen Sakanako Garapen Agentziak (SGA) hilaren 22an. Haren bidez, hausnarketa bat bideratu nahi izan dutela azaldu du Iker Manterola Matxainek, SGAko kudeatzaileak: "industria guneek beren gobernantza eredua, planak eta azpiegiturak eguneratuta izan behar dituzte, eta etengabeko hobekuntzan lan egin behar dute, Sakanaren garapenerako funtsezkoa baitira". Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezen ongi etorriaren ondoren, Nasuvinsako zuzendari kudeatzaile Alberto Baiona Lopezek, erakundearen epe laburreko estrategia eta Sakanan aurreikusita dituzten inbertsio planak azaldu zituen. Nafarroako Gobernuko Industria Lurzoruko Ataleko buru Patricia Muñoz Nievesek Nafarroako industrialdeendako laguntzen funtzionamendua xeheki azaldu zuen. Sakanako industrialdeetan egindako jardunbide egokien adibideak eman zituzten Irurtzungo alkate ohi eta zinegotzi Aitor Larraza Carrerak eta Olatzagutiko alkate Joseba Vizuete Askargortak. Manterola bera izan zen Sakanako industrialdeen egoerari buruz egindako azterketa aurkeztu zuena.

Diagnosia 

Beste herrietan industria jarduera baldin badago ere, industrialde izendapena duten Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutiko dozena bat industria gune aztertu dituzte diagnosia egiterakoan. "Salbuespenen bat ezik, industrialdeen egoera orokorra nahiko txarra da", ondorioztatu dute. "Egoera okertzen da herrietatik enpresetara irisgarritasuna aztertzean. Herria edo auzoak eta industrialdeekin lotuko duen espaloirik, beharrezko argiteriarik, segurtasunik eta bestelakorik ez dago". Bestalde, gehienek argiteria berria dute. "Bestetik, Arakilgo industrialdeko Udalaz gaindiko Eragineko Plan Sektoriala garatzeko bospasei urte daramate. Horrek, beste behin, erakusten du zer zailtasun dakarren administrazio publikoen arintasun faltak". 

Egin beharreko lanak egitea aholkatu ondoren, "helburuak betetzeko", SGAk industrialdeen gobernantza publiko-pribatua proposatzen du. "Espazio hori erronkak zehaztu, lehentasunak markatu eta jarduketa plan erraza sortzeko balio beharko luke. Hiru erronka kontua izan beharko lituzke: klima aldaketara egokitzea azpiegituren zaurgarritasunagatik; mugikortasun jasangarria eta trenbide bidezko garraioa eta energia trantsizioa". 

Erronkei dagokienez, udalek Mugikortasun Jasangarriko Planak egin beharko dituzte. 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herriek, Altsasuk, 2024ko apirilerako. Eta 200 langile baino gehiago dituzten industrialdeek 2025eko apirilerako izan beharko dituzte. Bestetik, SGA Nafarroako Gobernuarekin garraioaren lanketa egiten ari da, "fokua tren bidezko garraioan jarriz. Sakana zeharkatzen duen trenbideak potentzialitate handia du, Atlantikoko eta Mediterraneoko korridoreekin lotura duelako". Bestetik, "ibarreko enpresen arazo handiena langile falta da. Langile gehien izateko beharrezkoa da bidaiari garraio egokia izatea eta inguruko eskualdeetako herritarren mugikortasuna bideratzea". 

Energia autonomian pausoak emateko ibarreko erakundeak aukerak aztertzen ari direla gogorarazi dute. Horien artean energia komunitate bat edo batzuk sortzeko aukera dago. "Nasuvinsaren laguntzari esker, enpresak, udalak eta herritarrak parte hartuko duten energia komunitatea sortu nahi da. Irailean hasiko da prozesua". 

Azkenik, erabili gabeko lantegi eta logistika planten sustapen eta komertzializazio lanak hasiak dituzte SGAk eta Nafarroako Gobernuak, "Sakanan gutxieneko kostuekin ezartzeko" aukera eskainiz. Etxarri Aranatzen 16.000 m2-ko planta eskaintzen dute, 13.000ko lantegia duena. Altsasuko Ibarrea industrialdean 8.500 m2- ko partzela bat, 1.700 eraikita dituenak. Altsasuko Ondarrian 10.000 m2-ko partzela, 7.000 eraikita dituenak, eta, azkenik, Olatzagutian 1.600 m2-ko lantegi bat. Manterolak gogoratu du Sakanak industrialdeen egoerari buruzko informazioa jasotzen "aitzindaria" izan zela Nafarroan. Datuak Nasuvinsaren Indusland aplikazioan jarri ziren, baina hura geldi dago gaur egun eta SGA hura berregiteko lanean ari da.

1,7 milioi metro karratu

Azterketak jaso duenez, gaur egun 1.775.000 m2 industrialde daude. Horretaz aparte, industria guneak garatzeko 500.000 m2 daude Arakilen eta Irurtzunen. Nasuvinsarendako horiek lehentasunezkoak dira. Gainera, beste 840.000 m2-rako plangintza dago, Nasuvinsak Zangitun aurreikusia duena eta Altsasuko Udalak, epe luzera, Kapitansoron aurreikusi duena. 

Nasuvinsatik azaldu dutenez, Sakanako industria lur eskaera handia dago "Euskal Autonomia Erkidegotik (Bilboko portua), Frantziatik eta Iruñerritik gertu dagoelako. "Horregatik, Urdiaingo industrialdea berrartzeko aukera aztertzen ari dira". Lur jabeza enpresa publikoarena da. "Garai batean industrializazioa ez zen ekonomikoki bideragarria, baina epe ertainean arrakasta aukera izan daiteke", adierazi dute Nasuvinsatik.