Ane Martija musikari etxeberriarra "etengabe" sortzen dabil, nahigabe egiten duela esan du: "Azkenengoan pilota partida ikusten ari nintzen, eta momenturen batean zerbait gertatu zen, eta horrekin abesti bat bururatu zitzaidan". Etxean dagoenean gitarra hartzen du eta akordeekin kantak ateratzen ditu, eta kaletik joaten denean telefonoan audioak grabatzen ditu. Momentuz bi abesti grabatu ditu, eta gehiago grabatzea aurreikusten du. Nafarroako Gobernuak sustatutako Bira Nafarroan Barna zikloaren barruan dago, eta uztailean bi emanaldi emanen ditu Sakanan; Iturmendiko festetan, uztailaren 16an, eta Arakilgo egunean, uztailaren 25ean, Izurdiagan.
Konpositorea
"Noiz hasi nintzen? Txikitatik. Txikitatik gustatu zait musika egitea; pianoarekin, gitarrarekin eta edozerekin". Ane Martijaren aitari ere musika gustatzen zitzaion, eta berarengandik jaso du zaletasuna. Irurtzungo musika eskolan "txikitan" hasi zen, eta bertan txistua eta gitarra ikasi zituen. "Egia esan behar dut, txistua ikasten hasi nintzen aitak nahi zuelako. Gero pila bat jo dut, eta orain dantza talde batean nago, eta batzuetan jotzea tokatzen zait, eta jotzen jarraitzen dut. Baina ez zen nire lehenengo aukera".
Musika sortzeko pianoa edo gitarra "komenigarrienak" direla esan du Martijak, "eta niri gehien gustatzen zitzaidana zen gitarra". Etxeberriko abeslariaren abesti askok "gertuko jendearekin lortzen dugun harreman ona eta erosoetan" harremana dutela azaldu du, "askotan horretan oinarritzen naiz". Beste batzuetan, pilota partida ikusten ari zenean, esaterako, bizitza momentu batetik bestera aldatu daitekeela landu du abestietan: "Pilotari batek lesioa izan zuen, eta ikusi nuen dena oso ongi joan daitekeela, eta momenturen batean gertatu daitekeela edozer gauza eta dena aldatu". Duela urte bat inguru ere senide bati minbizia diagnostikatu zioten, "eta horri buruz hitz egiten dut asko abestietan, momentua bizi behar dugula, egun batetik bestera dena aldatu daitekelako".
"Ia egunero sortzen dut; askotan nabil gitarrarekin abestiak sortzen"
Ia egunero sortzen duela aitortu du, "egunero ez, baina askotan nabil gitarrarekin eta abestiak sortzen". Aurten abesti gehiago grabatu eta "posible bada" disko bat atera edo "zerbait" sortzea nahi du. "Baina prozesu luzea da". Orain arte bi abesti grabatu ditu: Plaza zein taberna 2021ean eta Ni neu eta bihar 2022an. Iñaki eta Leire Zizurko musika produktoreekin grabatu ditu abestiak, "haiekin elkartuko naiz eta ateratzen dena". Abestiak Interneteko plataforma guztietan aurki daitezke, eta Instagramen ere "aktiboa" egoten saiatzen dela esan du musikariak.
Momentuz, kantautoreak kontzertuak ematen jarraitzen du. Maiatzaren 20an Zangozako Karmengo auditorioan egon zen Nafarroako Gobernuko Kultur departamentuak sustatutako Bira Nafarroan barna zikloarekin. "Eskerrak eman behar dizkiot Patxi Mikeo Irurtzungo kultur teknikariari. Berak esan zidan badagoela Nafarroako musikarien eta taldeen webgune bat (Navarra Music Commission) eta berak sartzea gomendatu zidan. Bertatik bidaltzen dizkigute mezu eta proposamen pila bat, adibidez, jaialdietan parte hartzeko". Bira Nafarroan barna programa egiteko orduan webgune horretan dauden musikariak kontuan hartzen dituztela azaldu du etxeberriarrak, "sartu nintzen eta deitu ninduten".
Biran
"Deitu nindutenean aitarekin nengoen, deia bukatu nuen eta esan nion aitari: "Parte hartu nahi dudan galdetzeko deitu naute, eta hor sartuta jende pila bat dago". Bere erantzuna: "bai, mesedez" izan zen. Ziklo honetan musikariek emanaldiak ematen dituzte Nafarroako zenbait herritan udaberrian eta udazkenean. Martijaren kasuan maiatzean Zangozan egon zen eta azaroaren 29an Lesakan egonen da.
Normalean Martijaren kontzertuak aire librean eta publikoa ikusten izaten dira, eta Zangozakoa kultur etxean zenez "gauza desberdin bat" zela esan du: "Iritsi nintzenean gogoratzen naiz esan zidatela kamerinoa nuela: Nola kamerinoa? Jendea sartzen entzuten nuen eta ezin nuen sinetsi jendea ni ikustera zetorrela". Emanaldietan ere abestiak azaltzen ditu eta publikoarekin hitz egiten du, "burura etortzen zaidan guztia esaten dut, mikrofonoa hartu eta 'hor zaudete?' galdetu nuen". Ez zuen publikoarekin egoteko aukerarik izan, baina gurasoak eta anaia jendearekin hizketan egon ziren eta "oso gustura" egon zirela esan zioten.