Artista sakandarrak sanferminetan

Guaixe 2023ko uzt. 4a, 11:46
2023ko Oinez Txokoan lehenengo txanda egin zuten boluntarioak. @NAFARROAOINEZ

Uztailaren 6an, eguerdian, hasiko dira Iruñeko San Fermin festak, eta Sakanako zenbait artistak emanaldiak emanen dituzte erakudeek eta elkarteek antolatutako egitarauetan, tartean Andra Mari Ikastolaren Oinez Txokoan.

Uztailak 7, San Fermin. Iruñeko festa ezagunenak hasiko dira uztailaren 6an, 12:00etan, eta haiekin bederatzi eguneko ekitaldiz betetako egitarauei hasiera emanen diete ere. Iruñeko Udalak antolatutako egitaraua ez ezik, hainbat elkartek eta erakundek ere haien egitaraua antolatzen dute, esaterako, Takoneran Nafarroa Oinez harira jartzen duten Oinez Txokoa, aurten Andra Mari ikastolaren esku gelditzen dena.

Azterketak euskaraz! Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek piztuko dute Oinez Txokoaren txupinazoa uztailaren 6an, 12:00etan. Takonerako Txokoan Sakanako artisten presentzia handia izanen da: uztailaren 7an, 21:00etan, Nerepe kantautore arbizuarraren kontzertua izanen da eta egun berez, 23:30ean, Deserrite Burundako taldearen emanaldia izanen da, Filtterrekin batera. Uztailaren 8an, larunbata, 23:30ean, Nafarroa 1512 talde arbizuarraren kontzertua izanen da, Onki Xin taldearekin batera. Uztailaren 11n, asteartea, Eztanda txarangak girotuko du Takonerako txokoa, 16:30etik aurrera, eta uztailaren 12an, asteazkena, 21:00etan Haizkan hirukote urdindarren kontzertua izanen da, eta 23:30ean, Muga Zero lakuntzarrarenak. Traka finala Beietz talde arbizuarrak jarriko du, uztailaren 14an, ostirala, 19:30ean.

Herriko Tabernak eta Iruñeko Arrano Elkarteak antolatutako egitarauaren barruan uztailaren 13an Altsasuko Elektrokela Elektrotxaragaren emanaldia izan behar zen, baina Herriko Tabernak uztailaren 5ean, San Fermin festen hasieraren bezperan, jakinarai zuen antolatutako programa bertan behera utzi behar izan duela "udaltzaingoa tabernara etorri da, eskaintza kulturalarekin aurrera eginez gero, isuna jarriko digutela esanez. Ekimen bakoitzagatik 6.000 eta 60.000 euro arteko isun zigorrekin mehatxatu gaituzte".

Bestetik, Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarrak Iruñeko Udalak antolatutako uztailaren 10eko, astelehena, Bertso jaialdian parte hartuko du, Endika Legarra, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaizarekin batera. Jaialdia 19:00etan izanen da, Sarasate pasealekuan, eta gai jartzailea Ander Aranburu izanen da.

Sakanako artistak San Ferminetan

Uztailak 7 ostirala

21:00, Oinez Txokoa

Nerepe kantautorea

23:30, Oinez Txokoa

Deserrite taldea

Uztailak 8 larunbata

23:30, Oinez Txokoa

Nafarroa 1512 taldea

Uztailak 10 astelehena

19:00, Sarasate pasealekua

Bertso jaialdia: besteak beste, Eneko Lazkoz

Uztailak 11 asteartea

16:30, Oinez Txokoa

Eztanda Txaranga

Uztailak 12 asteazkena

21:00, Oinez Txokoa

Haizkan taldea

23:30, Oinez Txokoa

Muga Zero taldea

Uztailak 14 ostirala

19:30, Oinez Txokoa

Beietz! taldea