Sanferminetatik bueltatzeko autobus zerbitzu gehigarriak iragarri dituzte

Guaixe 2023ko uzt. 5a, 09:31

Autobusa Irurtzungo geltokian. ARTXIBOA

Hilaren 8an eta 9an, larunbatean eta igandean, 07:30ean eta 09:30ean, eta egunero, 23:59an.

Nafarroako Gobernuak autobus bidezko hiriarteko garraioa indartzea aurreikusi du Iruñeko San Fermin festen egunetarako, mugikortasun seguru eta iraunkorra ahalbidetzeko. Guztira, foru administrazioak 39 zerbitzu gehiago jarriko ditu Iruñea beste hiriburu eta herriekin lotzeko. Horien artean Iruñea-Altsasu-Gasteiz linea dago. Sakana eta Gasteizera bueltatzeko hiru zerbitzu gehigarri sartzea aurreikusi du foru gobernuak: bi larunbatean, hilak 8; eta igandean, hilak 9, 07:30ean eta 09:30ean; eta bat egunero, 23:59an.

Zerbitzu gehigarri horiez aparte, autobus gehiagorekin indartuko dira urte osoan izaten diren zerbitzu erregularrak, eskatutako joan-etorriak errazteko. Errefortzu horiek, batik bat, eskari handieneko ordutegietan izanen dira, eta jaietan antolatutako ekitaldietara joateko erabiltzen dira, esaterako, txupinazora, entzierroetara, su artifizialetara eta abarretara.