Aralar Elkarteak hiru epaitza enkante bidez salduko ditu

Guaixe 2023ko uzt. 12a, 11:19

Pagadia. ARTXIBOA

Eskaintzak Lakuntzako udaletxean aurkezteko epea garilaren 31ra arte dago zabalik.

Aralar Elkarteak, izen bereko mendian, hiru baso aprobetxamendu enkante bidez saltzeko asmoa du. Guztien prezioa 93.767,90 eurokoa da. Aurreneko lotea 1.037 pagok osatzen dute. Haren bolumena guztira 2.050,9 m3-koa da, hortik zur bolumena 969,2 m3-koa da eta egur-bolumena 1.081,6  m3-koa da. Aralar Elkarteak harengandik 64.166,16 euro eskatzen ditu. 

Bigarren lotea alertzez eta pagoz osatutakoa da. Basomutilak ondoak jotzen ibili ondoren, 934 alertzeondo geldituko dira basoan. Aprobetxamenduaren bolumena, guztira, 574,3 m3-koa da, haietatik zur bolumena 252,6 m3-koa da eta egurrarena 321,7m3-koa da. Pagoari dagokionez, 4.520 ondok osatzen dute epaitza. Haren bolumena, guztira, 1.417,6 m3 dira, guztia egurretarako balio duena. Epaitza horrengatik Aralar Elkarteak 12.399,93 euro eskatzen ditu. Azkenik, hirugarren baso aprobetxamendua pagoz osatuta dago, guztira 665 ondo dira,  811,2 m3-ko bolumena egiten dutena. Handik 131,2 m3 zur eta 679,9 m3 egur atera daitezke. Epaitza horren prezioa 17.201,81 eurokoa da.