Aitor Carrillo Perezek La depuración del personal ferroviario durante la Guerra Civil y el franquismo: una primera aproximación a partir de la comparación entre Tudela y el valle de la Sakana (Navarra) ikerketa lana egin du. Historiako eta Ondareko Graduko ikaslea, lankidetza-beka bati esker, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu Funtseko taldearekin batera aritu da lanean. Izan ere, errepresio ekonomikoaren eta soziolaboralaren beste alderdi batzuekin gertatu den bezala, depurazio profesionalak aztergai izan dira hainbat ikerketatan, azkeneko mende laurdenean errepresio frankistaren analisiaren inguruan gertatutako berrikuntzaren ondorioz. Halere, trenbideko enpresen langileen depurazioak, zehazki Nafarroan egoitza zutenak, azterlan monografikorik ia ez du izan. Carrilok lan horren bidez, oso errealitate desberdinak bizi izan zituzten Tuteran eta Sakanan trenbideko langileek jasan zituzten garbiketak ikertzea eta konparatzea izan da Carrilloren helburua, bere ikerlanaren bidez.
Lanean gogora ekarri du nola, gerran eta gerra ondoren, hau da, 1936. eta 1942. urteen artean, "enpresa publikoetako edo zerbitzu publikoen kontzesionarioetako (trenbidea, esaterako) funtzionario eta langile guztiei garbiketa espedienteak ireki zizkietela enpresek eta agintariek, gerra hasi aurretik, gerran zehar eta gerraren ondoren beren lanbidea, ideologia, militantzia eta portaera zein ziren ikertzeko". Horren arabera, berriz hartu zituzten (zigorrarekin edo zigorrik gabe) edo kaleratu egin zituzten.
Nolanahi ere, ikertzaileak uste du "trenbideko langileen garbiketa ez dela behar adina garatutako ikerketa ildoa izan, behintzat beste profesional batzuek jasandako bestelako garbiketekin alderatuta". Lana Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Memoria Paperak gordailuan argitaratu da. Txosten luze horrek zabaltzen du gerraurreko Nafarroako egoera sozial eta politikoaren errepaso labur bat, profesionalek jasandako garbiketa horien legezko oinarria azaltzen baitu. Tuterako eta Sakanako geltokietako garbiketa espedienteak ere aztertzen ditu, besteak beste, galdera honi erantzuten saiatzeko: langileen militantzia ezagunak eraginik izan ote zuen langileek jasandako lan zigorretan.
Ibarraz
Estatu kolpea eman zuen armada lurraldeak okupatzen hasi zen heinean, administrazio berriak errepresio sistematikoa jarri zuen martxan, ezkerreko ideiengatik edo erregimenaren kontrako izateagatik Estatu Berriaren sorreran eragin negatiboa izan zezaketen elementu guztiak ezabatzeko. Hori dela eta, gobernu organoen, funtzionarioen edo enpresa emakidadunen garbiketa politikoari hasiera eman zitzaion, tartean tren zerbitzuetakoena. Errepresio hori, bai ekonomikoa bai soziolaborala, errepresio fisikoaren testuinguruan kokatzen da. Altxatutako agintariek abian jarri zuten morala, ekonomikoa eta kulturala, gizartea menderatzeko eta garaituak umiliatzeko tresna horri eusteko baliabideak etengabe zabalduz. Jakina denez, errepresio handiagoa Frente Popularrak babes handiagoa zuen herrietan izan zen, ibarrean Altsasun eta Olatzagutian, industria gehien zuten herrietan. Hala ere, Carrillok bere ikerketa egiteko, Altsasu bere ikerketatik kanpo utzi du.
Txostenean jaso duenez, Sakanan trenbideko 262 langile zeuden, horrela banatuta: Izurdiagan 1, Irurtzunen 14, Etxarrenen 6, Hiriberri Arakilen 1, Ihabarren 1, Irañetan 4, Uharte Arakilen 8, Lakuntzan 2, Arruazun 1, Arbizun 3, Lizarragabengoan 4, Etxarri Aranatzen 10, Bakaikun 3, Iturmendin 3, Altsasun 178 eta Olatzagutian 20. Arakil eta Iturmendi arteko geltokietan 52 gizonezkok eta 12 emakumezkok lan egiten zuten, Altsasun 172 gizonezko eta 6 emakumezko eta Olatzagutian 16 gizonezko eta 4 emakumezko. Irañeta zen salbuespena bina gizonezko eta emakumezkok lan egiten zutelako.
Errepresioa
Ikerlariak azaldu duenez, ibarreko trenbidetako langile gehienak berronartuak izan ziren, zigorrik gabe. Zigortuen berri ere eman du. Irurtzungo langile bat zigorrik gabe birsartu zuten enpresan. Altsasun 85 langile zigorrik gabe berronartuak izan ziren, 3 zigorrarekin berronartuak izan ziren eta 48 behin betiko kaleratuak izan ziren. Olatzagutian, berriz, 9 langile zigorrik gabe berronartuak, 6 zigorrarekin birsartu zituzten, 4 zigorrik gabe birsartu zituzten eta bat betirako lanetik baztertuta gelditu zen. Guztira, zigorrik gabe berronartutako 157 langile izan ziren, 3 zigorrarekin berronartuak, 11 zigorrik gabe birsartuak eta 49 kaleratuak.
Carrillok azaldu duenez, trenbideko langileen artean militantzia politiko sindikala %15-20 artekoa zen. Arakil eta Iturmendi arteko 64 langileetatik gutxienez 10ek militantzia politiko edo sindikal ezaguna zuten: PRR 1, PSOE 3, UGT 2, CNT 1, EAJ 3.
Olatzagutian, berriz, 20tik 3: UGT 1, JJSS 1, CNT 1. Horiek errepresioa jasan zuten, baita militantzia ezagunik ez zutenek ere. Sakanan aztertutako militantzia ezagunik gabeko 71 langileetatik 6k, %8,45ek, errepresio ekintzak jasan zituzten, eta horietatik bik, %2,82k, lan zigorrak jasan zituzten. Aldiz, Sakana osoko 13 langile militanteetatik 8k, %61,54k, errepresio ekintzak jasan zituzten, ezagutzen den militantziarik gabeko langileena baino 7,4 aldiz handiagoa. Horietatik bik, %15,38k, lan zigorrak jaso zituzten, ezagutzen den militantziarik gabeko langileak baino 5,5 aldiz gehiagok. Datu horiek Arakil eta Iturmendi artekoen eta Olatzagutiaren artean banatuz gero, Arakil eta Iturmendi arteko aztertutako militantzia ezagunik gabeko 54 langileetatik 2k, %3,7k, gertakari errepresiboak jasan zituzten, eta horietako inork ez zuen lan zigorrik jasan. Aldiz, Sakanako militantzia ezaguneko 10 langileetatik 5ek, erdiak eta, proportzioan, militantzia ezagunik gabeko langileek baino 13,5 aldiz gehiagok, gertaera errepresiboak jasan zituzten, nahiz eta hemen inork ez zuen lan zigorrik jasan. Era berean, Olatzagutian aztertutako militantzia ezagunik gabeko 17 langileetatik 4k (%23,52) gertakari errepresiboak jasan zituzten, eta horietatik bik (%11,76) lan zigorrak jasan zituzten. Militantzia ezaguna zuten 3 langileek gertakari errepresiboak eta lan zigorrak jasan zituzten, hurrenez hurren, militantzia ezagunik gabeko langileek baino 4,5 eta 8,5 aldiz gehiagok.
Arakil eta Olatzagutia artean, Altsasu salbu, errepresio txostenak egin zituztenak izan ziren: enpresak (79), Guardia Civila (77), alkateak (7; 3 aldeko, 2 Olatzagutian, eta 4 kontrako, denak Olatzagutian) eta Falange (6; aldeko 5 eta kontrako 1).
Nafarroako Mendialdean mila biztanleko 1,78 hilketa tasa izan zen, Sakanan 4,95ekoa izan zen, Arakilen eta Irurtzunen 0,46koa, Uharte Arakilen 3,87koa, Lakuntzan 1,55ekoa, Arbizun 4,91ekoa, Etxarri Aranatzen 6koa, Bakaikun 2,46koa, 8,39koa Altsasun eta 11,89koa Olatzagutian. Irañeta, Arruazu eta Iturmendin ez zen hilketarik izan. Nafarroako bataz bestekoa, egileen arabera, 8,26 edo 9,45 da.
Zenbait errepresio kasu
Uharte Arakilgo tren geltokiko Antonio Rueda Lallave trenbidetako langilea Iruñeko udal espetxean sartu zuten. Etxarri Aranazko tren geltokiko burua Luis Imbert Lucas ezagutzen ez zen toki eta egun batean hil zuten. Benedicto Carro Carro faktorea "oso ezkertiarra" omen zen, eta Olatzagutitik hanka egin zuen. Ondoren jakin zen hil egin zela. Hala ere, lana eta soldata eten zizkioten.
Gabriel Saez de Cortazarrek Olatzagutiko lana uzteak ere ondorioak izan zituen bere familiarendako. Emaztea, Rufina Martinez Martinez, Araban jaiotako zaindaria, eta alaba, Maria Saez de Cortazar y Martinez, hura ere zaindaria eta Iruña Okan (Araba) jaioa, 1936ko lastailaren 2an bota zituen Olatzagutiako agintaritzak. Etxetik alde egin ondoren, Gasteizen bukatu zuten biek. Maria 1937ko apirilaren 13an hasi zen lanean, Ricardo de Anitua lantegi mobilizatuan. Ama-alabak etxera itzuli zirenean, bi arazketa espediente ireki zitzaizkien.
Miguel Flores Estanga eta Pedro Yabar Lacunza, EAJko militanteak, hil egin zituzten. Miguel, Arbizuko tren geltokian tren zaindaria, Etxaurin hil zuten 1936ko azaroaren 7an, eta herri horretako hilerrian lurperatu zuten, herritarren eskariz. Pedro, Arbizuko geltokiko zaindaria eta udal honetako zinegotzi jeltzalea 1931n eta 1936an, kargutik kendu eta Oskiako txipudian hil zuten 1936ko garilaren 28an.
Andres Gonzalez Lorente, PSOEko militantea, bere Tokiko Batzarreko kidea eta Etxarri Aranazko geltokiko zaindaria, Iruñean kartzelatu zuten 1936ko garilaren 18tik agorrilaren 31ra bitartean. Ondoren, 1936ko agorrilean hil zuten, eta Urbasako Rasoko leizera bota zuten. 1942ko martxoaren 25ean araztu zuten, aldeko emaitzarekin.
Rufino Vicuña Jacak, militante sozialistak eta Etxarri Aranazko geltokian lan egiten zuenak, etxetik ihes egin behar izan zuen Errepublikaren gunera iritsi arte, eta han Herri Armada Errepublikanoan izena eman zuen. Bere heriotza urtea (1937) besterik zehaztu ezin bada ere, jakina da Vicuñak Balmasedan, Bizkaiko frontean, eman zuela bere azken hatsa. Hil arren, 1941eko abenduaren 8an araztu zuten, aldeko emaitzarekin.
Pedro Garcia Diaz, CNTko kidea, Irurtzungo geltokiko zaindaria zen, araztu egin zuten. 1937ko akaberan Irunera lekualdatu zuten, eta handik Kataluniara ihes egin zuen. Handik, Gipuzkoako hirira itzuli zen, armada kolpistak Bartzelona hartu ondoren. Espedientea zabaldu aurretik hil zen.
German Galbete Lopez de Goicoechea, Olaztiko bizilaguna, "trenbideko langilea" eta Gazte Sozialisten militantea. Erantzukizun Politikoen Legearen arabera, 500 pezetako isuna ezarri zitzaion 1939ko abenduaren 7an. Gerra kontseiluan 30 urteko espetxe zigorra jarri zioten. Litekeena da estatu kolpea jo berritan Alcoyra alde egitea.
Alejandro Celaya Zabalok errepresio handiena jasan izanaren zalantzazko ohorea du. Olaztiko CNTko militantea, atxilotu egin zuten, eta preso sartu. Ondoren, Langileen 26. Batailoira bidali zuten 1937ko lastailaren 1etik 1939ko maiatzaren 27ra bitartean, edo 1939ko lastailaren 15etik abenduaren 29ra bitartean. Lizentziatu ondoren, arazketa espediente bat ireki zioten. Enpresan bersartu zuten, baina Sabadellera lekualdatuta.