Nasuvinsaren bilatzailean 9 industria partzela salgai

Guaixe 2023ko uzt. 11a, 09:01

Arakilgo garatu gabeko industrialdea, Irurtzungo Erabidea gunearen ondoan. NASUVINSA

Lursail, nabe, higiezin eta bulegoei buruzko informazio tekniko eta grafiko osoa kontsultatzeko aukera dago.

Nasuvinsak www.nasuvinsa.es/industrial webgunean tresna berria jarri du. Haren bidez, enpresa publikoak Nafarroan salgai edo alokatzeko dituen erabilera industrialeko, logistikoko edo erabilera anitzeko ondarea jaso du. Informazio teknikoarekin batera, irudiak ere badaude. Internet bidezko eskaintza hori eskaera eta behar espezifikoei erantzuteko pentsatuta dago; alde batetik, inguruko eta nazioarteko merkatuko ekonomia jarduerena eta, bestetik, enpresa eta profesionalena.

Online bilatzaileak Nasuvinsaren jabetza bakoitzaren tipologiari, kokapenari, azalerari eta erabilerari buruzko informazio osoa eskaintzen du. Gainera, erreferentzia interesgarriak eskaintzen ditu, hala nola oinarrizko azpiegituren hurbiltasuna edo komunikazio bideetarako sarbidea. Eskaintzaren berri zabalago emateko, besteak beste, bilatzaileak aire argazkiak edota bideoak eskaintzen ditu. Argazkien kasuan jarduera eremuak hartzen dituen espazioa gainean jarrita dago. 

Sakana
Bilatzaile horretan Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoaren berrehunen bat erreferentzia daude, erkidego guztian barna barreiatuta dauden 25 ekonomia jarduera eremuetan. Haietako bederatzi erreferentzia ageri dira. Guztiak industria eremuak dira, eta denak salgai daude (prezioak BEZik gabekoak dira). Hasteko, Arakilgo Udalak Irurtzungo Erabidea industrialde ondoan duen 17.183 m² azalera bat du salgai. Haren gehienezko okupazioa 14.215 m² eta eraikigarriak 5.754 m² dira, 10 metro altuera mugarekin. Lursaila 1.030.992 eurotan dago salgai. 

Etxarrengo Ardantzeta industrialdean Nasuvinsak hiru partzela ditu salgai. Bat zenbakidunak 49.626 m² azalera du eta haietatik gehienez 29.776 m² okupatu daitezke. Han 32.257 m² eraiki daitezke. 2.977.560 eurotan dago salgai. Hiru zenbakidun partzelak 72.324 m² azalera du, haietatik gehienez 43.394 m² okupatu daitezke eta 47.011 m² eraiki daitezke. 4.339.440 euro balio ditu. Azkenik, 84.555 m² azalera duen 4 zenbakidun partzela dago. Gehienez 50.733 m² okupatu daitezke eta eraiki 54.961 m². Hark 5.073.300 euro balio ditu. Hiruretan eraikinek har dezaketen altuera Nasuvinsari galdetu behar zaio. Arakilgo bi industrialdeak garatu gabe daude, eta garapen falta horregatik udala kexu da.  

Azken bost partzelak Txunkai industrialdean daude, Altsasuko Kooperatibaren aldamenean. Bat partzelak 1.900 m² azalera du eta 200.572 euroko prezioa. Bi zenbakidun partzelaren azalera 1.225 m²-koa da eta 98.000 euro balio ditu. 2.3 partzelak 985 m²-ko azalera du eta 78.800 euroko balioa. Hiru partzelaren azalera 1.982 m²-koa da eta 158.560 euroko kostua du. Azkenik, 4 partzelak 1.473 m²-ko azalera eta 117.840 euroko balioa du.