TOURRA 2023

OdolPOGIak ordainetan!!!

Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 6a, 22:30

Pogacar eta Yates Urnietako Idiazabal kalean ©Ane Azpiazu

Tadej Pogacarrek kolpea eman du mahai gainean Le Cambasque-en, Vingegaard oilarra 25 segundoan atzeratuta; Jumbok estrategia perfektua marraztu du, baina esloveniarrak euren festa zapuztu du, eta Tourra bizirik mantendu zaleon zorionerako

Odolkiak ordainetan. OdolPOGIak, kasu honetan. Hilda zegoela zirudiena bizi-bizirik dago, eta Jumbo Visma eta Jonas Vingegaard-en festa zapuztu du. Tadei Pogacarrek kolpea eman du mahai gainean, Jumboren estrategia txikitu, Vingegaard-en eraso guztiei eutsi, danimarkarra atzeratu helmugan, eta urrezko minutu erdia irabazi Tourra oso bizirik dagoela gogorarazteko. Unerik kritikoenean egin du gainera, atzo hartu zuen muturrekotik jaikitzea ezinezkoa edo oso zaila zirudienean. Pogi gaztea, baina, jaiki da, eta 'hemen nago' esan dio ozen Vingegaard-i, bere ipurdi meharra erakutsiz airoso Tourreko lider berriari.

Etapa ikusgarria izan da beste behin. Eta berriro Tourreko ziklista indartsuenetakoaren eskutik: Wout Van Aert. Ez omen dago iaz bezain indartsu, fin, baina a ze etapa puska egin duen gaur ere. Ihesaldian sartu, ihesaldiko ardura eraman Aspin eta Tourmalet gainetan berak bakarrik tiratuz; Tourmaleten behera bere liderrari, Vingegaardi itxaron eta bailaran behera Luz Saint-Sauveur-etik Pierrefitte-eraino eraman du txistu batean. Konforme ez eta Cauterets-eko lehen 12 kilometroak ere buruan egin ditu. 'Benga motel, emaiok ja!' esan dio danimarkarrari. Eta eman dio, baina gaur esloveniarraren itzala bere gurpilean sumatu du uneoro Vingegaard-ek.

Itzala, eta bisai hobea. Egiari zor, ondo ikusi zaio gaur Pogacarri, atzo hartu zuen astindu fisiko eta mentaletik berrindartuta. Hainbesteraino, helmugatik bi kilometro eta erdira erasoa jo eta atzean utzi duela Vingegaard. Danimarkarrak gehiegizko konfiantzaz jokatu du, agian. Alegia, atzokoa gogoan, gaurkoan ere Pogacar aise menderatuko zuela sinetsita zen Jonas, itxuraz, baina esloveniar gazteak 'egon hadi lo eta jango dek mehe' esan dio Vingegaardi.

Xake partida betean gaude, eta berdinketa sinatu dute bi izarrek Pirinioetako borroka bukatuta. Vingegaard da lider orain, eta 26 segundoko aldea kentzen dio Pogacarri. Pirinioetako bi etapak aztertuta, Vingegaard izan da garaile, 35 segundo jan baitizkio Pogacarri. Sentsazioak, baina, bestelakoak dira. Pogacar berpiztu egin da hilda zegoenean, eta horrek zalantzak sor diezazkioke Vingegaard-i. Gainera taldeak lan perfektua eginda nagusitu zaie Pogacar gaur, bakarkako lanarekin, eta horrek mina ematen du.

Gauzak normal, igandean izango da oilarren arteko hurrengo dema, Puy de Dome bihurrian. Biak ala biak zartakoka aritzea espero da sumendi zahar haren malkarretan. Bitartean, kalma tropelean. Bihar esprinta, Bordelen bukatuko den etapan.