TOURRA 2023

Esprinter onena, eta bideratzaile onena badituzu... 2+2 = 4

Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 9a, 21:34

Jasper Philippsen-ek bere hirugarren etapa irabazi du, esprintean, baina etapa erdia Van der Poel taldekideari zor dio; lasaitasuna tropelean, igandeko etaparen zain

2 + 2 beti lau ez direla esan ohi da sarri, baina beste batzuetan eztabaidaezina da esan horrek dioena. Alegia, egia dela eta bete egiten dela. Ariketa hauxe da: Tourreko esprinter onena baldin baduzu, eta bideratzaile onena, normalena esprinterrak irabaztea, ezta? Ba Bordelen ere halatsu gertatu da. Van der Poel-ek lan bikaina egin dio hamaikagarrenez Philippsen-i, aurkari guztiak urrun mantenduz eta Philippsen-i 200 metroko errematea bakarrik utziz, abantaila handiarekin. Saiatu da Mark Cavendish zakur zaharra, urrunetik jotzen, baina enbidoari hordagoarekin erantzun dio Philippsen-ek, eta aise irabazi bere hirugarren etapa. Cavendish bigarren helmugaratu da, eta Philipssen-ek bidea itxi diolako kexu zen Biniam Grmay, hirugarren.

Etapak zer kontatu gutxi izan du bestelakoan. Gauza arraroak, ihesaldia sortu behar zen tartean, txirrindulari batzuk tropelaren zain geratu direlako ihesaldian sartu ostean, akaso arrakasta ezinezkoa zela pentsatuta. Guglielmik bakarrik egin du ahalegina, eta etapa hondarrean Peters eta Latour elkartu zaizkio. Denak tropelaren diktadurapean jausi dira, eta esprintean, badakizue, Alpecin-Deceuninq taldekoen erakustaldia!

Bihar 8. etapa, eta Erdialdeko Mendigunean sarrera, Limoges hirian hain zuzen ere. Libourne-en hasita, 200 kilometro, eta ihesaldikoek iristeko gaur baino aukera gehixeago, bukaera gorabeheratsuagoa delako. Hiru mendate daude azken 70 kilometroetan, hirugarren mailako bat, eta laugarren mailako beste bi. Azkena helmugatik bederatzi kilometrora baino ez. Esprinter gehienek pasatzeko moduko 1.2 kilometroko aldapa erraza da, dena den.