Arakilgo Eguneko bazkarirako izen ematea zabalik dago

Guaixe 2023ko uzt. 10a, 09:33

Arakilgo Egunean beti herri bazkaria izaten da. ARTXIBOA

Izurdiagan izanen da, hilaren 25ean, igandearekin.

Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, ibarreko egunaren zati ibiltaria aurten Izurdiagak hartuko du. Itsasperriko ekitaldien ondoren ospakizuna hara lekualdatuko da, eta, besteak beste, egitarauan herri bazkaria ageri da. Hartan izena eman nahi duenak hilaren 17ra arteko epea du. Txartelak udaletxean jaso beharko dira. Helduenak 25 euro balio du; 11, haurrenak. 

Helduendako menua honakoa izanen da, zizka-mizka gisa, txorizoa eta urdaiazpikoa. Ondoren, entsalada epela pikillo eta urdaiazpikoarekin, ukondoa patata pure eta garagardo saltsarekin edo bakailaoa pil-pilean, postretarako, etxeko flana. Haurrendako menua, berriz, honakoa da: pasta Boloniako erara, xolomoa txip patata frijituekin eta zaporetako yogurtak. Jakina, ogia, edaria eta helduen kasuan kafea eta txupitoa ere izanen ditu menuak. 


Arakilgo Eguna hartu duten herriak  
Urtea Herria

  • 2004 Hiriberri Arakil
  • 2005 Ihabar
  • 2006 Satrustegi
  • 2007 Errotz
  • 2008 Izurdiaga
  • 2009 Ekai
  • 2010 Etxeberri
  • 2011 Egiarreta
  • 2012 Aizkorbe
  • 2013 Zuhatzu
  • 2014 Urritzola
  • 2015 Etxarren
  • 2016 Ihabar
  • 2017 Hiriberri Arakil
  • 2018 Satrustegi
  • 2019 Zuhatzu
  • 2020 COVID-19gatik, bertan behera
  • 2021 COVID-19gatik, bertan behera
  • 2022 Ekai
  • 2023 Izurdiaga