Iruñeko Foru Plaza herri kirolen egoitza nagusia ari da izaten sanferminetan. Uztailaren 7tik 14ra, eguerdietan, Euskal Herriko txoko guztietako kirolariak dabiltza, zazpi sakandar tartean. Erakustaldiez gain, txapelketa garrantzitsuak daude jokoan.
Uztailak 13, osteguna
Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa jokatuko da, eta bertan ariko da Aitor Oiarbide Etxarriarra, beste hiru lehiakiderekin batera. Hiru harri altxatu beharko dituzte: 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola.
Uztailak 14, ostirala
Nafarroako Gizonezkoen III. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa ere ospatuko da. Sei sakandar ariko dira: Oier Mitxelena (Etxarri-Aranatz), Amets Aristizabal (Urdiain), Aitor Saralegi (Irurtzun), Ioan Goikoetxea (Etxarri-Aranatz), Jon Erdozia (Etxarri-Aranatz) eta Eñaut Oiarbide (Etxarri Aranatz). Bi kanaerdiko moztu beharko dituzte.