TOURRA 2023

Ekintzak; eta iritziak...

Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 11a, 09:24

Tourreko lehen asteak askorako eman du: Euskal Herriko asteburua, Pogacar eta Vingegaard muturrekoka, etapa bikainak Pirinioetan... tentsioa eta ikuskizuna goia jota dabiltza, baina bi aste luze geratzen dira oraindik Parisera iristeko

Ekintzek balio dute; edo ekintzetan oinarritutako iritziek. Iritzi soilek ez baitute indarrik, ekintza edo gertaera jakin bat oinarri ez badute. Tourreko lehen bederatzi egunetan hainbat ekintza, fact ikusi ditugu, eta horien ondorioak aipatzeko ariketa saiakera da analisi hau. Beti ere, eta esan bezala, ekintzak sakratuak direla aintzat hartuz, eta iritziak, aldiz, hori: iritziak. Ukaezina baita Tourra Euskal Herrian hasi izana arrakasta handia izan dela. 600.000 lagun pasa errepideetan ikurrina astintzen, munduari nor eta zer garen erakusten. Pirinioetako bi etapa ikusgarriak etorri ziren gero. Pogacar eta Vingegaard muturrekoka, Philippsen-en triptikoa, eta Mark Cavendish-en agurra. Gauza asko, egun gutxitan. Eta geratzen direnak... 13 egun luze Eliseoko Zelaietara iristeko.

Ekintzak: Euskal Herriko hasiera. Itzela. Historikoa. Ekintzak. Erakusleiho hoberik ez du izango gure aberriak. Txirrindularitza herria. Merezi du? Iritzia. Ba bai. Garestia da, esango dute batzuk. Baita. Euskal Herria munduan barrena ikusi da, ezagutu gaituzte, ezagutzen ez ba gintuzten. Halako oihartzun mediatikorik nekez izango du urte luzetan Euskal Herriak, beraz gozatu bizitakoarekin.

Kirol ekintzak: A ze dema Tadej Pogacar eta Jonas Vingegaard-en artean. Vingegaard eta Pogacar-en artean esan beharko genuke, errespetuz jokatze aldera, danimarkarra baita lider. 17 segundoko errenta txikiarekin. Zenbat pisatzen dute 17 segundok? 17 segundo horiek nola pilatu dituen Jumbo taldeko liderrak? Euskal Herrian Pogacar-ek Vingegaard jango zuela zirudielako Piken eta Jaizkibelen, gainsariak lortuz. Eta Marie-Blanque hormatzarrean gora, ttak, danimarkarrak danba!. Astindua eta Pogacar larri, gutxitan bezala. 1.02 sartu zion Vingegaard-ek Laruntzen.

Alarma UAE taldean, Poz neurrikoa Jumbon. Eta Tourmalet hurrengo egunean. Facts. Ekintzak. Egurra Jumbok, eutsi Pogacar-ek, eta ttak, esloveniarraren kolpea mahai gainean Cauterets-en. 25 segundo zakura. Zalantzak Jumborenak, orduan. Poza, neurrikoa hori ere, UAEn. Puy de Dome mitikoaren zain. Eta Erdialdeko Mendiguneko sumendi itzali hartan, berdinketa xake partida zurrunean. Jumbok lan eta Pogacar-ek jan nahi izan zuen, eta jan bazuen ere, gosez geratu ote zen... (Iritzia). 8 segundo gauza gutxi baitira, baina badira.

Ta orain zer? Nor dago hobeto, indartsuago? Pogacar jaiki da, eta ez zirudien erraza. Baina Vingegaard-ek ere eutsi zion bart Puy de Dome-en gora, eta ez zen erraza, Cauterets-en kale egin ostean. Iritziak. Itxuraz, Pogacarren lehen eraso kolpea eutsi ezina, jarrai ezina egiten zaio Vingegaard-i, baino irauten du, esloveniarrarengandik metro gutxira. Itxuraz, etapa gogortzen denean, Pogacar-ek komeria gehiago ditu Vingegaard-i eusteko. Hala gertatu zen Zuberoan barrena Zurdaite igo zuten egunean. Tourmalet-ekoa, aldiz, ez zen hain gogorra izan. Sepp Kuss-ek ere asko dauka esateko. Durango Kid-ek egun ona duenean Pogacar-ek berak ere sufritu egiten du. Marie Blanque-en gora ikusi zen. Puy de Dome-en ez zen fin ibili Coloradokoa, eta Vingegaard-ek ez zuen erasotzeko aukerarik izan. Ekintzak eta iritziak, partekatuak, azken esaldi hauetan.

Beroak eraginik ba ote du, Pogacar eta Vingegaard-en errendimenduan? Itxuraz, hobexeago jasaten ote duen danimarkarrak. Hori iritzia, ez baitago datu zehatzik. Ze eragin izango du talde lanak? Jumbok lasterketa lehertzeko lana egin, egiten duelako, baina Pogacar lan horri etekina ateratzen abila da, eta Jumbok ez du nahi taldea lehertu, uzta aurkari zuzenak ateratzeko. UAEren jardunaren inguruan, egitatea: Jumbo baino askoz makalago ibili da mendian gora. Pogacar-ek hori sobera nabaritu ez badu ere.

Ekintzak: erne hurrengo hiru etapekin Erdialdeko Mendikatean. Sekulako salda espero da, trumoia ere bai bihar, eta Frantzia erdialdeko terrenoa gaiztoetan gaiztoa da; Euskal Herrikoa bezala, atsedenik gabekoa, baina asfaltoan arrautzak frijitzen ariko balira bezala.

Momentuz, berdinketa teknikoa. Ekintza.