Egin gabeko mende laurdena

Guaixe 2023ko uzt. 17a, 08:52

Egin egunkariaren aleak. ETB

Haren itxieraren 25. urteurrena bete zen garilaren 15ean. Egunkariaren eta irratiaren itxierak langileak kalean utzi eta makina bat herritar erreferentziazko hedabiderik gabe utzi zituen. 'Dena da ETA' printzipioaren hasiera izan zen hura.

Baltasar Garzon Real epaileak aginduta, 1998ko garilaren 15ean, Egin egunkaria eta Egin irratia itxi zituzten 150 guardia civilek. Epaileak haiek argitaratzen zituen enpresari ETAk gidatutako erakunde sare baten parte izatea leporatu zien. Nahiz eta 11 urte geroago, 2009an, itxiera bidezkoa ez zela esan Espainiako Auzitegi Gorenak. Baina enpresako hainbat arduradun, tartean zuzendaria eta zuzendari ordea, kartzelara zigortuak izan ziren. Eginen itxiera "Dena da ETA" printzipioaren lehen pausoa izan zen. Epaia iritsi bitarteko 11 urteetan, langileak lantoki izandakora sartu ezin zirenez, eta epaitegiko arduradunek egunkari eta irratiaren ondasunak behar bezala zaindu ez zituztenez, hautsi eta alferrik galdu ziren. 

Egunkaria itxi eta hurrengo egunean kalean izan zen behin-behineko egunkari bat: Euskadi Información. Haren ibilbidea 1999ko ilbeltzaren 29an bukatu zen, hurrengo egunean Gara egunkariaren aurreneko zenbakia kaleratu zelako. Egunkari horrek Eginek gizarte segurantzarekin zuen zorragatik 3 milioitik gora euro ordaindu behar izan zituen, Garzon epailearen iritziz, "enpresen arteko ondorengotza ideologikoa" izateagatik. 

Egunkaria itxi zutenean Sakanan lau berriemaile zituen egunkariak: Txiki Iriarte Vitoria Irurtzunen, Maider Betelu Ganboa Lakuntzan, Amaia Mundiñano Larraza Etxarri Aranatzen eta Maite Altzelai Iriarte Altsasun. Horretaz aparte, Silver Arregi kazetari lakuntzarra egunkariaren Nafarroako ekonomia saileko arduraduna zen. Sakandarrek berehala erantzun zuten kalean protesta eginez, eta egunkari ezkertiar eta abertzale berri bat sortzeko diru bilketan buru belarri aritu ziren.