Europako Kluben arteko Pilota Txapelketa jokatu zen Iscarren (Valladolid) iragan ekainaren 31tik uztailaren 2ra, eta Irurtzun Pilota Klubak irabazi zuen banakako eta binakako esku pilotan. Ipar Euskal Herriko, Frantziako, Kataluniako eta Espainiako taldeak lehiatu ziren, eta zestapunta, paleta motza eta larruzko paleta modalitateak ere jokatu zituzten.
Lehenengo egunean, ekainaren 31an, jokatu ziren finalerdiak. Banakako esku pilotan, Irurtzun Klubeko Iosu Olaetxea unanuarrak Saint Palais Amikuzeko Mendiburu garaitu zuen, eta, aldi berean, Urbion klubeko soriarrek Pays d’Orthe. Binakakoan, Irurtzuneko Aingeru de la Fuente eta Iosu Bergera eta Oberena klubeko iruindarrak klasifikatu ziren finalerako, Pays d’Orthe eta Noizbait-Hazparren garaitu ostean, hurrenez hurren.
Bigarren egunean jokatu zituzten finalak, larunbatean. Banakako esku pilotan Iosu Olaetxea unanuarrak irabazi zuen Urbioneko Luis Cabrerizoren aurka, eta, binakakoan, Iosu Bergerarekin batera irabazi zuen Olaetxeak Europako Txapela.