Txirrindularitza

Adrian Martinez, bosgarren Lizarran

Guaixe 2023ko uzt. 18a, 09:40

Tropela Lizarrako helmugan. UTZITAKOA

Juniorren mailako lasterketan Martinez, Iker Gomez eta Iker Agudelo Top 20an sailkatu ziren. Iruñeko Itzulia prestatzen burubelarri dago junior mailako tropela

Uztailaren 16an, igandearekin, XXVI. Lizarrako Txirrindularitza Elkarteko Trofeoa jokatu zen. 96 txirrindulari junior zeuden izena emanda, eta horietatik 63k lortu zuten lasterketa urduri eta gorabeheratsua despeditzea. 

Finques Feliu Cycling Team taldeak sekulako erakustaldia egin zuen. Marc Collellek erasoa jo eta Lizarrako helmugara bakar-bakarrik iritsi zen (02:09:50), atzetik jarraika zetorkion taldeari 23 segundo aterata. Adrian Martinez lakuntzarra (Sakana Group-Alea) bosgarren iritsi zen, eta Iker Gomez altsasuarra (Quesos Albeniz) hamaikagarren.

Bestalde, Iker Agudelo (Q. Albeniz) 20. iritsi zen, Asier Etxeberria (Q. Albeniz) 24., Manex Zufiaurre (Sakana G.-Alea) 39. eta Oier Ruiz de Arkaute (Sakana G.-Alea) 62.

Iruñeko Itzulia, ate joka
Juniorren mailako XXXVII. Iruñeko Itzulia uztailaren 23tik 25era bitartean jokatuko da, Ororbian, Zizurren eta Iruñean. Juniorren mailako proba garrantzitsuenetako bat prestatzen ari dira txirrindulari sakandarrak. Segidan, uztailaren 26tik 28ra Emakumezkoen Iruñeko Itzulia jokatuko da.