Pilota

Binakako txapeldunak, Aste Nagusian elkarrekin

Guaixe 2023ko uzt. 18a, 09:04

Bilboko Aste Nagusiko pilota feriako aurkezpena. Tartean, Jose Javier Zabaleta. ASPE

Bilboko festetako torneoak 30 urte beteko ditu aurten eta Zabaleta eta Elordi daude faboritoen artean

Bilboko Aste Nagusia pilota feriak 30 urte beteko ditu aurten. Aspek eta Baikok uztailaren 17an, astelehenarekin, aurkeztu zuten aurtengo programazioa. Binakako torneoak aurreko urteetako formula bera izanen du, bi finalerdi eta final handia izango baititu. Zabaleta izango da pilotari sakandarren ordezkari bakarra, Ezkurdia eta Martija ez baitira ariko.

Hasteko, Bizkaia Torneoko finala
Lehenik eta behin, abuztuaren 22an Bizkaia Torneoko finala jokatuko dute Sollube eta Anboto taldeek. Lau eta erdian, Salaberriak Peña II.a izango du aurkari; binakakoan Altuna III.ak eta Martijak Artolaren eta Albisuren kontra jokatuko dute; eta azkenik, buruz burukoan, Elezkano II.ak Alberdi II.a izango du aurkari.

Ikusmina
Abuztuaren 24an Aste Nagusia Torneoko lehen finalerdia jokatuko dute Baikoko bi bikotek, Urrutikoetxea-Imazek eta Larrazabal-Mariezkurrena II.ak. Larrazabal udako izen propioetako bat da, Amurrioko aurrelariak  Mariezkurrenarekin debut bikaina egin baitu sanferminetan, txapeldunordeak izan baitziren. Bilbon ere errepikatuko dute, eta pilotazaleengan ikusmina piztu dute. 

Bigarren finalerdia Aspeko bi bikotek jokatuko dute, abuztuaren 25ean. Binakako egungo txapeldunek, Elordik eta Zabaletak, Altuna III.a eta Rezusta izango dituzte aurkari, sanferminetako txapeldunak, hain zuzen ere. Partida ikusgarria, inondik inora. 

Bi finalerdietako irabazteek final handia abuztuaren 27an jokatuko dute, Bizkaia pilotalekuan.