Tratu txarrengatik 3 urte kartzelara

Guaixe 2023ko uzt. 18a, 10:31

Nafarroako Justizia Auzitegia. EUSKALERRIA IRRATIA

Gizonezkoa, 21 urtekoa, kalte ordaina pagatzera eta kartzelatik atera ondoren urruntze agindua betetzera zigortu dute ere. 

Gizonezko sakandar batek ohiko tratu txarren delitua eta lesio astunduen delitua, baita noizbehinkako tratu txarren bi delitu ere aitortu zituen epaitegian hilaren 11n. Ondorioz, Iruñeko Zigor Arloko 5. zenbakiko epaileak hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio 21 urteko gizonezkoari, bere bikotekide ohia, eta bere alaba bakarraren ama, behin eta berriz jotzeagatik. Espetxe zigorraz aparte, gizonezkoari beste neurri batzuk ere ezarri zizkioten: zaintzapeko askatasun neurria hiru urtez, erasotako emakumezkoarengandik 300 metrora urruntzeko agindua eta 16 urtez biktimarekin komunikatzeko debekua. Gainera, urruntze zigorren kontrol telematikoa egitea erabaki zen, zigortua espetxetik atera ondoren. Horrekin batera, 6.835 euroko kalte ordaina eman behar dio biktimari, eta, dagoeneko, 2.600 euro ordaindu dituenez, kaltea konpontzeko aringarria (zigorra murrizten duen zirkunstantzia) aplikatu zitzaion. Gainera, kondena ere murriztu zioten, drogazaletasunaren aringarria ikusita. Bere adikzioari buruz auzitegiko medikuen balorazioak agintzen duenaren arabera, kartzelatik atera daiteke. 

Epaiaren arabera, akusatuak emakumezkoarekin harreman sentimentala izan zuen 2020an eta 2021ean; gainera, elkarrekin bizi ziren. Harremanaren ondorioz jaio zen bien alaba. Harremana duela bi urte inguru bukatu zen, baina biek noizbehinka harremanak izaten jarraitu zuten. Gertakarien unean, biktima Iruñean bizi zen.

Emakumezkoak esan zuenez, akusatuak jeloskor eta obsesibo jokatu zuen berarekin konfinamendu garaian: lagunekin ateratzea aurpegiratzen zion, gasta zezakeen dirua kontrolatzen zion, baita telefono mugikorra ere. Bestalde, eztabaida batzuetan, jo eta lurrera botatzen zuen. Era berean, beldurtzeko asmoz, irainak eta "hil egingo zaitut" modukoak esan zizkion, edo akusatuarekin ez bazegoen, ez zela beste inorekin egongo.

2021eko martxoan, auzipetuaren anaiaren etxean zeudela, beste eztabaida bat izan zen, eta akusatuak biktima jo, lurrera bota eta haren gainean jarri zen. Behin lurrean, auzipetuak esku batez ukabilkadak eman zizkion buruan eta aurpegian, eta beste eskuarekin lepotik heldu zion, garrasi egin ez zezan. Hirugarren gertakari batean, 2022ko maiatzean, 23:00ak aldera, akusatuak indarrez heldu zion biktimari besotik, alaba txikia besoetan zeramala. Azkenik, 2022ko lastailean, 18:00ak aldera, etxalde batean festan zeudela, eta bakarrik geratu zirenez, akusatuak harremanak izatea proposatu zion. Neskak uko egin zion, eta orduan aho ebakitzailea zuen barra metaliko bat hartu, eta bi aldiz jo zuen buruan, behin besoan eta beste behin eskuineko saihetsean, beste eskuarekin lepotik heltzen zion bitartean. Gertaera horien ondorioz, emakumeak 7 zentimetroko zauria zuen buruan, urradurak besaurrean eta esku ahurrean. 15 egun behar izan zituen sendatzeko, eta hainbat orbain geratu zitzaizkion arrasto gisa.

112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.