Txirrindularitza

Lehendakari Txapelketan murgilduta

Guaixe 2023ko uzt. 19a, 10:00

Villatuertako lasterketa. MARTIN EARLY

Afizionatuak Villatuertan eta Leintz Gatzagan aritu ziren asteburuan

Afizionatuen mailan, asteburuan Lehendakari Txapelketarako baliagarriak ziren bi lasterketa jokatu ziren Euskal herrian. Uztailaren 15ean, larunbata, Villatuertan IV. Robert Innova Trofeoan bildu zen amateur mailako tropela. 165 txirrindulari zeuden izena emanda, eta horietatik 78k bukatu zuten proba. 

Diego Uriartek (Finisher) erasoa jo eta bakarrik iritsi zen helmugara (3:21:25). Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarra izan zen lehen sakandarra, hamahirugarren postuan (3:21:55). Mikel Uncilla etxarriarra (Rural Kutxa-Alea) 29. iritsi zen helmugara, Aimar Tadeo (Finisher) etxarriarra 45., Jon Gil (Gomur Cantabria Infinita) lakuntzarra 49. eta Martxel Etxeberria (Rural Kutxa-Alea) 60. 

Hurrengo egunean, uztailaren 16an, Leintz Gatzagan Dorletako Amaren Sari Nagusia jokatu zen, 125 kilometroko proba. Lasterketa azkarrean, triplete garrantzitsua lortu zuen Laboral Kutxa taldeak, Iker Trigok irabazi baitzuen, Iñaki Diazen eta Iñaki Murua taldekideen aurretik (2:35:18). Martxel Etxeberria 22. sailkatu zen, Aimar Tadeo 46. eta Aitor Ondarra lakuntzarra (Hostal Latorre Ederlan) 77. 

Afizionatuen mailako udako Lehendakari Txapelketa uztailaren 8an hasi zen, Murgian, Euskaldun Txapelketa despeditu ostean, eta irailean despedituko da. Guztira hamasei lasterketek puntuatuko dute, tartean Altsasuko festetan jokatuko den lasterketak. Euskaldun Txapelketa otsailean hasi zen eta ekainean despeditu zen. Guztira hamazazpi lasterketek puntuatu zuten. Iker Mintegi altsasuarra lider izan zen zenbait probetan, baina, azkenean, Julen Arriolak irabazi zuen (128 puntu), Iker Mintegiri zortzi puntu aterata (120 puntu).