TOURRA 2023

Tourra hautsi du bikingoak!!!

Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 18a, 19:42

France 24

Muturreko ikaragarria eman dio Vingegaard-ek Pogacar-i, eta Tourra erabakita utzi, ezusteko handiren baten faltan; 1.38 sartu dio erlojupekoan esloveniarrari, eta oso aldeko jarri du bere bigarren Tourra izan litekeena

Aspaldi ikusi gabeko erakustaldia eman du Jonas Vingegaard-ek. Tadej Pogacarrek 2020an Le Planche de Belles Filles-en bukatu zen erlojupekoan eman zuenaren parekoa. Orduan ezustean poltsikoratu zuen Tourra Pogacarrek, eta gaur inork gutxik espero zuen aurrerapausoa eman du danimarkarrak bere bigarren Tourra irabazteko, errenkadan. Jakina zen bien indarrak oso parean zeudela, eta balantza baten edo bestearen alde segundo gutxitan neurtzea espero zen. Aurreikuspen okerrak, 1.38 kendu diolako liderrak Pogacarri. Bilakaera, sekulakoa izan da: 16 segundo 7. kilometroan, 31 18.ean, eta 1.38 bukaeran, mendatea bukatuta. Jumbok UAEk eta Pogacarrek 2020 eta 2021ean eman zizkion muturrekoak bueltatu dizkio kolpe batean, egun bakarrean.

 

Hasieratik ikusi da Vingegaard eta Pogacar sutan zihoazela: bihurguneetan arriskatuz, pedalkada biribilarekin ordekan eta maldan gora... Kronometroak, baina, ez du gezurrik esan, eta danimarkarraren alde desorekatu du balantza azkar. Vingegaard-ek handia egin du, akaso Miguel Indurain handiaren garaitik ikusten ez zen erakustaldia, baina aspalditik da jakina ziklista bikaina dela. Alpeetako biharko etapa, eta Vosgues mendialdekoa falta zaizkio berriro Eliseok Zelaietako podiumeko koska gorenera iristeko. UAEk ez du amorerik emango, baina Vingegaard eta Jumbo oso indartsu daude.

 

Bi apunte podiumari buruz, oso lehia estua utzi baitu kronometroak Adam Yates eta Carlos Rodriguez-en artean. Britainiarrak bost segundoko errenta txikia dauka orain. Pello Bilbaori buruz ere bi hitz, erlojupeko bikaina egin baitu Foruako txirrindulariak. Laugarren etapan, eta zazpigarren nagusian. Pello zazpigarren da nagusian, eta bi minutu baino gutxiagora dauka Top 5a.

 

Bihar Alpeetako azken etapa korrituko da: Saint Gervais Mont Blanc-Courchevel. 165.7 kilometro eta 5.400 metroko desnibel metatua. Tourreko gogorrena. Col de la Loze, mailaz kanpokoa, helmugatik gertu: 28.4 kilometroko mendatea, eta azken bostak %9.6ko batez bestekoa. Gailurrean, gainera, 2.304 metro. Ikuskizun handia espero da, Vingegaard-ek gaur eman duen kolpea ia behin-betikoa bada ere.