"Bidezko eta neurrizko energia"-ren aldeko martxa

Guaixe 2023ko uzt. 19a, 09:12

#BidezkoEtaNeurrizkoEnergia martxako tailer bat, Sakanara iritsi aurretik. @XRIRUNEA

Uztailaren 15ean Iruñean hasi eta uztailaren 22ra arte 130 kilometroko 'Bidezko eta neurrizko energia abian jartzen' oinezko martxa eginen dute. Uztailaren 18an Urbasako kanpinera iritsiko da, uztailaren 19an Altsasutik igaroko da, uztailaren 20an Etxarri Aranatzetik eta uztilaren 21ean Irurtzundik.

Uztailaren 18an, asteartean, Urbasa kanpinean atsedena hartu du Nafarroako "herri borrokak" elkar ezagutzeko Bidezko eta neurrizko energia abian jartzen oinezko martxa. Uztailaren 15ean Iruñean hasi zen eta uztailaren 22an Nafarroako hiriburuan amaituko da, azken egunak Sakanan igaro ondoren. Hortaz, bosgarren etapan, uztailaren 19an Altsasura iritsiko da martxa eta bertan AHT Gelditu!, Errausketaren kontrako plataforma eta Sakanako Pentsiodunen Mugimendua elkarteek haien esperientziak elkarbanatuko dituzte. 14:00 herri bazkaria egingo dute eta 18:00etan, Foru plazan, esperientziak eta proposamenak elkarbanatzeko topaketa izango da.

Hurrengo egunean, uztailaren 20an, Etxarri Aranatzera iritsiko da martxa eta bertan Goiener elkartearen Udanbizi txirrindularitza martxarekin bat eginen du eta elkarrekin Andra Mari ikastolako instalazio fotoboltaikan bisita egingo dute. Goienerrek parte hartzea bultzatzeko helburuarekin bost eguneko txirrindulari bira prestatu du Nafarroan barrena, Iruñean hasi eta Leitzan amaituta. Bertan eredu energetikoa gainditzeko interesgarriak diren energia sorkuntza bisitatuko dituzte, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastola kasu; uztailaren 20an Garestik aterako da eta Etxarri Aranatzera iritsiko da eta uztailaren 21ean Etxarri Aranatzetik aterako da Leitza bidean.

Uztailaren 21ean, ostirala, herri mugimenduen martxa Irurtzunera iritsiko da eta berta Aralar Zaindu Dezagun - Gasbidea Aralartik ez plataformarekin elkartuko da eta 14:00etan herri bazkaria egingo dute.

Bidezko eta neurrizko energia martxaren Sakanako egitaraua

Uztailak 18 asteartea

Urbasa kanpina

Atseden jardunaldia.

Uztailak 19 asteazkena

Altsasu
AHT Gelditu!, Errausketaren kontrako plataforma eta pentsiodunen mugimendua

14:00 Herri bazkaria.

18:00 Esperientzia eta proposamen elkartrukea, Foru plazan. Arbizuko langunak izanen dira.

Uztailak 20 osteguna

Goiener elkartea

19:30 Goiener elkartearen Udanbizi txirrindularitza martxarekin elkartu eta Andra Mari ikastolako eguzki plaken instalaziora bisita.

Uztailak 21 ostirala

Aralar zaindu dezagun plataforma

14:00 Herri bazkaria.

Goiener elkartearen Udanbizi bizikleta martxaren egitaraua Sakanan

Uztailak 20 osteguna

18:00 Lizarragako mikrosarera bisita.

19:30 Etxarri Aranatzera iritsiera. Ikastolako eguzki plaken instalaziora bisita Bidezko energia martxako kideekin bat eginez.

Uztailak 21 ostirala

09:00 Irteera.

09:30 Lakuntzan AHT egiteko Aralarren egin asmo dituzten zundaketen inguruko informazioa.

16:30 Lekunberri-Larraunera iritsiko dira.