Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

Urteko bigarren hauteskunde hitzordua

Guaixe 2023ko uzt. 21a, 11:58

Botoa emateko ilara Etxarri Aranatzen. ARTXIBOA

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak hilaren 23an, igandean, izanen dira. Guaixek, web orriaren bidez, egunean bertan emanen du emaitzen berri.

Hautesle nafarrek garilaren 23an, igandean, kongresurako bost hautetsi eta senaturako lau aukeratuko dituzte. Bosgarren senataria, autonomiako senatari gisa ezaguna, Nafarroako Parlamentuak aukeratuko du, Nafarroako ordezkari gisa. Igandean botoa ematera joaten diren sakandarrak kongresurako dozena bat hautagaitzaren boto paperak opatuko ditu. Alderdi eta koalizio guztiek ez dute senaturako hautagaitzarik aurkeztu. 

Ohi bezala, igandean 09:00etatik 20:00etara botoa emateko aukera izanen da. Nork bere burua identifikatzeko hiru agiri erabil ditzake: nortasun agiria, pasaportea (argazkiarekin) edo gidabaimena (argazkiarekin). Baliagarria da ere miDGT aplikazioaren bidezko gidabaimena. Berdin dio dokumentu horiek iraungita egotea, baina jatorrizkoak izan behar dute, fotokopiek ez dute balio.

Sakanan 19 hautesleku zabalduko dira igandean, eta haietan 31 hauteskunde mahai izanen dira. Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, hauteslekua eskolatik udaletxeko areto nagusira aldatu da. Presidente batek eta bi bokalek eratuko dute mahai bakoitza. Hau da, 93 sakandar ariko dira hauteskunde mahaietan.  Haietako bakoitzarendako bi ordezko ere aukeratu zituzten zozketa bidez, 186 sakandar. Guztiak mahaiak eratzeko momentuan bertaratu beharko dira. Titularra agertuko ez balitz, ordezkoak bete beharko luke haren tokia. 

Emaitzen berri 
Hauteskunde mahaiak 20:00etan itxi ondoren hasiko dute boto zenbaketa. TOKIKOM sarea osatzen dugun euskarazko toki komunikabideek, Guaixe barne, hauteskundeen emaitzak zuzenean emanen ditugu. Horren ondorioz, guaixe.eus webguneak igande gauean uneoro eguneratuko ditu datuak iturri ofizialen informazioarekin.