Bestelako energia eredu bat aldarrikatzen duten martxetatik abiatzen lehena Extinction Rebellionena (XR siglez laburtua) izan zen. Hilaren 15ean abiatu zen eta hilaren 22an, larunbatean, bukatu zen. XR indarkeriarik gabeko erresistentzia erabiltzen duen mugimendu sozial ekologista da, klima larrialdia eta biodibertsitatearen galera salatzen dituena. Martxa horrekin gaur egungo energia eredua salatzeaz aparte, Nafarroako herri borroken berri jasotzeko baliatu zuten. Horretarako, hainbat eragilerekin batzartu ziren. Esaterako, Altsasun, hilaren 19an, Abiadura Handiko Trenaren kontrako, errausketaren kontrako plataformako eta pentsiodunen mugimenduko ordezkariekin izan ziren. Etxarri Aranatzen, hilaren 20an, Autopista Elektrikorik Ez! plataforma, ibarreko ekoizleak biltzen dituen Belardi eta Goienerreko kideekin elkartu ziren. Irurtzunen, hilaren 21ean, gasbidearen kontrako plataformakoekin batzartu ziren. Gainera, 14:00etako herri bazkarian izan ziren.
XRko kideek salatu dutenez, gaur egungo energia ekoizpen ereduak "irabaziak maximizatzea du helburu bakarra, herritar guztien beharrei erantzun ordez. Ezinbestekoa da ekoizpena ondasun komunera bideratzea energiarako oinarrizko eskubidea bermatuz". Gaztigatu dutenez, "aldaketa teknologiko hutsek ez digute herritar guztioi energia eskuratzeko oinarrizko sarbidea bermatuko aldaketa sozioekonomikoen eskutik ez badatoz". Azpimarratu dutenez, "energia oinarrizko ondasun mugatu gisa ulertzeko, gai horri buruzko erabakiak demokratizatzeko beharra". XRkoen iritziz, "tokiko biztanleak, behar bezala informatuta, plangintza eta erabaki estrategikoak hartzeko prozesuen partaide izan behar dira. Era berean, produkzioaren eta kontsumoaren inguruan erabakitzeko ahalmen handiagoa ematen duten energia-komunitateen gisako esperientzietan ere parte hartu behar dute". Eta Nafarroa norabide horretan jartzeko zazpi eskaera egin dituzte: desazkundea eztabaida publikoan, energia plangintza, etxebizitza eraginkorra eta eskuragarria, elikadura burujabetza,garraio publikoa eta mugikortasun aktiboa, ekoizpen ereduaren berrantolaketa eta energia demokratizazioa.
Bizikletan
GoiEner elkarteko boluntarioek energiaren inguruko Nafarroako proiektuak ezagutzeko antolatutako Udanbizi bizikleta martxa hilaren 17an Iruñetik abiatu zen eta hilaren 21ean Leitzan bukatu zen. Elkarte antolatzaileak gaur egungo eredu energetikoa aldatzea helburu du. Bira, batetik, elkartekideen parte hartzea sustatzeko antolatu zuten. Eta, bestetik, energia aurrezpen eta eraginkortasunean sentsibilizatzeko eta trebatzeko. Ibilbidean zehar gaur egungo energia eredua gainditzeko interesgarriak diren energia sorkuntza eta beste hainbat proiektu bisitatu zituzten eta, aldi berean, egungo energia ereduak sortutako gehiegikerietan ere jarri zuten arreta.
Izan ere, elkarteak tokian tokiko ekoizpena erraztu nahi du eta oinarrizko ondasun horren gainean inork kontrolik ezartzea eragotzi. Gainera, garraioan gertatzen diren galerak murriztu egiten dira eta tokiko garapen ekonomikoa indartu. Egungo energia eredua aldatzeko bost arlotan ari dira elkartekideak lanean: energia berriztagarriaren kontsumo arduratsua etengabe bulkatzen, tokian tokiko eta iturri berriztagarrietako energia ekoizpen deszentralizatuak laguntzen, kontzientziazioa sustatzen, gizarteak eredu aldaketan parte-hartzea bilatzen eta ingurumen, gizarte, eta ekonomia jasangarritasuna bulkatzen.
Elkartearen bira Lizarraldetik Sakanara hilaren 21ean iritsi zen. Txirrindulariek Lizarragan geldialdia egin zuten eta bertako mikrosarea ezagutu zuten lehenik. Ondoren, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastola bisitatu zuten, Goienerrekin batera eguzki plakak jarri baitzituzten. Gainera, XRko kideekin bat egin zuten ikastolan. Parte hartzaileek bezperan izandako hizketaldi edo bisiten inguruan iritziak trukatu eta eztabaidatzen zituzten egunero, bideari ekin aurretik. Lakuntzan egin zuten aurreneko geldialdia hilaren 21ean, 09:30ean. Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa aurrera egiteko Aralarren egin asmo dituzten zundaketen berri jasoko zuten tropeleko kideek. 16:30ean, berriz, Aralar zeharkatuko lukeen gasbidearen berri jaso zuten Larraunen. Etapa eta bira Leitzan despeditu zuten.