TOURRA 2023

Ederra Kasper!!!

Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 20a, 22:24

Ashgreen-ek tropelari 'izorra hadi' esan dio harro, ihesaldia errematatu eta 100 kilometroko jazarpen ikaragarria ezerezean utziz

Ederra da txirrindularitza etapa zozoetan ere. Halakoa izan da gaurkoa. Dena zegoen prest garaipena esprintean erabakitzeko, baina ihesaldiak tropelaren diktadura hautsi du behingoz, eta Kasper Ashgreen-ek garaipen handia lortu du. Itzuli handi batean lortzen duen lehena, danimarkarrak, eta lehena ez aspaldi tropeleko talde onena zenarentzat: Quick Step, Tourrean.

Hiru lagunek egin dute ihes hasieratik: Ashgreen, Campenaerts eta Abrahamsen. Helmugarako 60 kilometro falta zirela, Campenaerts-en Pascal Eeckhorn taldekidea gehitu zaio ihesaldiari. Polemikarekin, Alpecin hiruko ihesaldia blokeatzen saiatu delako, eta nahiko modu zatarrean Jasper Philippsen-ek, Eeckhorn-en erasoa blokeatuz.

Jazarpena ikaragarria izan da. Ihesaldia harrapatu, ez harrapatu... Tropelak lanak izan ditu aurrekoak begi bistan ikusteko, eta azken kilometrora 6-7 segundoko errentarekin iritsi da laukotea. Eta laukotean Ashgreen traktorea nagusi, azken hatsean. Eta tropelean Philippsen isilik. Merezita. Gaur zatar, itsusi Jasper

Biharko etapak gaurkoaren bilakaera bera izan dezake, tropela ez baitago ihesaldi indartsuak kontrolatzeko. Biharko etapa, gainera, gaurkoa baino gorabeheratsuagoa da.