TOURRA 2023

Urak bere onera itzuli dira

Andoni Urbistondo 2023ko uzt. 24a, 08:39

Pogacar-ek hainbeste behar zuen etapa garaipena lortuta bukatu da Tourreko mendia; Pello Bilbao seigarren izango da azkenean sailkapen nagusian

UAEk eta Tadej Pogacarrek etapa garaipena behar zuten azken egunetako miseria, Tourrean Vingegaard-ek eman dien astinduaren zama arintzeko, eta euren helburua lortu dute. Etapa irabazi dute talde lan bikainaren ostean, eta Alpeetako gazi-gozoari buelta eman, neurri batean. Soler, Bjerg, Grosschartner, Majka eta Adam Yates erre behar izan ditu Pogacarrek etapa irabazteko, baina sariak merezi izan du. Bestelako kontua da hurrengo astean, hotzean egingo duten hausnarketa, Vingegaard-ek aise irabazi baitio bigarren Tourra jarraian esloveniarrari. Danimarkarra nola menderatu biatzen nahiko lan izango dute Matxinek eta lagunek 2024ko Tourrari begira.

Eguneko beste protagonista Thibaut Pinot izan da. Malkotan bustita agertu da frantziarra etapa hasierara. Vosgues eskualde ingurukoa da Pinot, eta erretiroa hartuko du denboraldi bukaeran. Protagonista izanen zela jakina zen, eta hala izan da. Ihesaldi onean sartu da, baina Giroan gertatu bezala, antsietate puntu batekin aritu da, behar baino lehenago erasoa jo eta hustuta geratuz. Akatsak akats, 'Allez Thibaut' oihuak entzunez herio batean ibili da Groupama taldeko frantziarra. Azken mendateko pankartatik lau kilometrora harrapatu dute Pidcock eta Barguil iheskideek, eta ordurako, gainean ziren Pogacar eta Vingegaard ere. Pogacar-ek erasoa jo du, eta Vingegaard bere gurpilera atera da, abereek terrenoa markatzeko txiza egiten dutenean bezala. Ez dio baimendu ihes egitea, baina erreleborik eman ere ez. Are gehiago, bi oilarren arteko borrokan zerikusirik ez zeukan Felix Gall-en erasora ere abiatu da. liderra, modu ulertezinean. Gaur Vingegaard-ek Tour osoan irabazitako prestigioa galdu du, neurri batean. Ez du txapeldun handien jarrerarik eduki.

Bukaerako esprintean, Adam Yates-ek bideratzaile lan perfektua egin dio Pogacar-i, eta esloveniarrak aise menderatu du Vingegaard. Danimarkarra, dena den, etapa irabazten saiatu da, eta hori nahiko itsusia da, Tourra poltsikoan daukazunean. Pello Bilbao Top 5ean sartzen saiatu da, Platzerwasel gaineko azken kilometroan Carlos Rodriguez atzean utzita. Bizkaitarrak, baina, 49 segundo behar zituen bost onenen artean sartzeko, eta 17 bakarrik irabazi ditu. Seigarren izanda ere, txalo zaparrada soinutsuak jasotzeko moduko Tourra egin du Foruko mutilak. Bihar Eliseoko Zelaiak, festa, podiuma, atsedena... Hurrengo urtera arte, Grande Boucle